Hileko batez besteko errenta 606,7 eurokoa izan da bigarren hiruhilekoan Goierrin
Beasainen dago alokairu preziorik handiena: 677,8 euro. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko batez bestekoa 779,1 eurokoa da. 176.730 eurokoa izan da salerosketaren batez bestekoa.
Hileko batez besteko errenta 606,7 eurokoa da Goierrin.Hitza Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak publiko egin dituen azken Higiezinen Salerosketaren Estatitistikaren arabera, 2025eko bigarren hiruhilekoan hileko batez besteko alokairuaren errenta 606,7 eurokoa izan da; eraikitako metro koadro bakoitzeko errenta, 7,4 eurokoa. 2025eko martxoaren 31n indarrean zeuden kontratuetan oinarritutako datuak dira. Data horretan, 2.459 fidantza zeuden.
2024tik %5,2ko igoera
Goranzko joera izan du alokairuaren errentaren hileko batez bestekoak azken 9 urteetan: 2016an, 498,1 eurokoa zen; 2017an, 507,5 eurokoa; 2018an, 513,8 eurokoa; 2019an, 525,1 eurokoa; 2020an, 544,5 eurokoa; 2021ean, 554,5 eurokoa; 2022an, 579 eurokoa; 2023an, 607,6 eurokoa; eta 2024ko datuak hiruhileka banatuta, lehen hiruhilekoan 617,5 eurokoa, bigarrengoan 629,7 eurokoa, hirugarrengoan 630,2 eurokoa eta laugarren hiruhilekoan 640,5 eurokoa. 2025eko lehen hiruhilekotik, ordea, behera egin du; lehen hiru hilabeteetako batez bestekoa 649,7 eurokoa zen, eta bigarrenekoa 606,7 eurokoa. 2024ko lehen hiruhilekotik aurtengo lehen hiruhilekora, %5,2ko igoera izan du.
Udalerrien araberako informazioan oinarrituta, Beasainen batez besteko hileko errentaren prezioa 677,8 eurokoa zen martxoaren amaieran; Lazkaon, 600,7 eurokoa; Legazpin, 560,7 eurokoa; Ordizian, 633,5 eurokoa; Urretxun, 567 eurokoa; Zumarragan, 566,6 eurokoa; eta 2.500 biztanletik beherako udalerrietako datuak batuta argitaratu dituzte: 557,8 euro batez beste.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko datuen batez besteko errenta 779,1 eurokoa da.
Zumarraga, laugarren
Etxebizitza salerosketari dagokionean, etxebizitza librearen salerosketa-transakzioen batez besteko prezioa 176.730 eurokoa izan da Goierrin Etxebizitza Sailaren arabera. Lehen hiruhilekoan 171.921 eurokoa izan zen, eta 2024an 157.223 lehenengoan eta 170.814 eurokoa bigarrengoan.
Salerosketa kopuruari dagokionez, Goierriko bost udalerri daude salerosketa kopuru gehien izan duten Gipuzkoako udalerrien artean. Donostia (460), Irun (263), Errenteria (177) eta Eibarren (137) atzetik, Zumarraga da laugarren udalerria, 135 salerosketarekin (Gipuzkoako guztizkoaren %6). Ordizian 42 (%1,9), Beasainen 40 (%1,8), Legazpin 20 (%0,9) eta Lazkaon 19 (%0,8) egon dira bigarren hiruhilekoan.













