Xabin Fernandezek jaso du Euskaltzaindiaren Lautan Hiru saria
2.500 euro jasoko ditu legorretarrak ‘Zaku berekoak’ lana sortzeko.
Xabin Fernandez legorretarra.Gorka Gomez Xabin Fernandez Zubeldia legorretarraren Gehibat Kultura Elkarteak irabazi du Euskaltzaindiak Bilboko Udalaren babesarekin antolatzen duen Lautan Hiru lehiaketa. 2.500 euro jasoko ditu legorretarrak, eta hiru hilabeteko epea izango du lehiaketara aurkeztu duen Zaku berekoak lan laburra sortzeko. Izan ere, 2026ko otsailean antolatuko den VIII. Lautan Hiru antzerki-jaialdian estreinatuko baita. Intujai konpainiarekin elkarlanean bideratuko dute proiektua.
Sortzaileak aurreratu duenez, «bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira eta gizakiaren barneko haustura erakusteko» asmoa du. Sinopsia ondorengoa da: «Gizon batek bere familiarekin ospatu nahi du urtebetetzea. Baina, zer gertatzen da inork erantzuten ez dionean? Zaku berekoak oroimenaren eta eromenaren artean igerian dabilen arima baten istorioa da. Odolekoa ez duen bere familia, panpin erraldoien irudian jasoko du ikusleak, bizitza bat antzeztu nahi duen gizon baten delirio poetiko moduan. Bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko».
>Lautan Hiru lehiaketako epaimahaiko kideen arabera (Tartean, BIRA Kultura, 7Katu eta Euskaltzaindiko kideek osatu dute epaimahaia), «testuan ausardia erakutsi du egileak, eta txotxongiloak baliatuz indar handia har dezake lan ilun honek». Sari horren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko.
Lautan Hiru antzerki-jaialdia Bilboko Zazpikaleetako espazio desberdinetan egiten da













