CAFek hazkunde sendoa izan du 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan
3.165 milioi euroko salmentak erregistratu ditu, iazko aldi berarekin alderatuta %8ko igoera.
CAFek hazkunde nabarmena izan du 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan. 3.165 milioi euroko salmentak erregistratu ditu, iazko aldi berarekin alderatuta %8ko igoera. Errentagarritasunak ere gora egin du, %18ko hazkundea izan du. Emaitza garbian ere jauzi handia izan du Beasaingo enpresak. Helarazi duten txostenaren arabera, CAFek 100 milioi euroko mozkin garbia lortu du 2025eko lehenengo bederatzi hilabeteetan, iaz baino %66 gehiago.
Kontratazioa izan da, ordea, igoerarik handiena erregistratu duen atala. Enpresak 4.049 milioi euroko eskaera berriak jaso ditu, %80ko hazkundea. Horri esker, eskaera zorroa maximo historikoetara iritsi da berriz: 15.579 milioi eurora, 2024ko amaierarekin alderatuta %6 gehiago.
CAFen arabera, hazkunde hori “negozioaren dinamismoak eta nazioarteko merkatuetan egindako aurrerapausoek” bultzatu dute; bereziki, tren eta autobus elektrikoen eskaera handiak eta proiektu esanguratsuek izan dute eragina, hala nola SNCBren intercity tren proiektua.
Jasangarritasun adierazleetan ere hobekuntza izan da: S&Pren balorazioa 6 puntu hobetu da eta Ecovadisena puntu bat, enpresaren trantsizio berdean eta gobernantza arloan egindako lanaren erakusgarri.
CAFek baieztatu du 2025a “aurreikuspenak betez eta egonkortasunez” ixtea espero duela, kontratazio sendoari eta proiektu zorro handituari esker.













