Ezurtea izanda ere, errezil sagarraren uzta bildu dute Gabirian
Igandean ospatuko dituzte lehiaketak eta baserriko produktuen nahiz herriko artisautzaren azokak.
Ezker-eskuin: Xabier Arratibel (Erbie elkartea), Aitor Elosegi (ekoizlea), Endika Igartzabal (alkatea) eta Joxe Antonio Elosegi (ekoizlea). Hitza Gabirian igandean ospatuko dute 23. Errezil Sagar Eguna. Urteroko ohituran, errezil sagarraren uztaren onena erakutsiko dute plazan. Horren inguruan, baserrietako produktuen eta herriko artisauen azoka ere antolatuko dute, hamabi salmahairekin. Sagar moten erakusketa ere ugaritu egingo dute.
Sagar urte «kaxkarra» izan da aurtengoa, feriaren antolatzaile Erbie elkartekoek adierazi dutenez. «Ezurtea» da, iazko oparoaldiaren ondoren bi urteko zikloko herrena tokatu da, eta sagar uzta txikia bildu dute. Ekoizle batzuek lortu dute kopuru aipagarri bat biltzea, ordea. «Iaztik %70eko jaitsiera egon da sagar uztan, kasu onenean. Beste batzuek %80 gutxiago jaso dute, eta zenbaitzuek batere ez. Beheraldi oso fuertea gertatu da», azaldu du Oñatibitxiki baserriko Aitor Elosegi ekoizleak.
«Iaztik %70eko jaitsiera egon da sagar uztan, kasu onenean. Beste batzuek %80 gutxiago jaso dute, eta zenbaitzuek batere ez»
Aitor Elosegi. Errezil sagar ekoizlea
Sagar mota guztietan makaldu da ekoizpena, baina bereziki errezilarenean. «Ikaragarri nabaritu da beherakada erreziletan. Frutatan mantendu egin da agian, nahiz eta gutxitu den oro har hori ere. Gipuzkoa osoan jaitsi da asko errezila, gainera», gehitu du Jose Antonio Elosegik.
Eguraldiak eragin du gainbehera hori, adituen iritziz. Udaberria meteorologikoki «zakarra» egin zuen. «Lore garaian eguraldi txarra, euria eta hotza egin zuen, lau-bost egun segidan. Aurten barraskiloak ere ikusi ditugu sagarra jaten, ez da ohikoa hori», dio Aitor Elosegik.
«Ikaragarri nabaritu da beherakada erreziletan. Gipuzkoa osoan jaitsi da asko errezila, gainera»
Jose Antonio Elosegi. Errezil sagar ekoizlea
Harraren kaltea ere sumatu dute sagar ekoizleek. «Tximeletak eta harjoak ere asko kaltetu du sagarra, eta, azkenera, haizeteak zuhaitzetik ale asko bota zuen», esan du Erbie elkarteko lehendakari Xabier Arratibelek.
Oztopoak oztopo, errezil sagarrik ez da faltako Gabiriako plazan. Lehiaketara aurkezteko mailakoak bildu dituzte batzuek, eta erosteko aukeran ere egongo da gehiago. Menbrillu edo sagar-goxo lehiaketa ere izango da, zortzi partaiderekin. Balentzategi herri eskolako ikasleek ere lehen aldiz aurkeztuko dute menbrillua, hiruhileko proiektuan Sukaldaritza eta Baratzea landu ondoren, aste honetan gurasoen laguntzarekin egina. Postua ere jarriko dute azokan.
Sagar moten erakusketa
Iaz hasitako bidetik, Gabirian ekoizten diren edo lehendik dauden sagar mota ugarien erakusketa handituko dute, berritasun bezala. Iazko mahaiko sagarren ondoan, sagardo-sagar motak jarriko dituzte ikusgai, izendatuta. Ezurteak horretan ere lagundu ez duen arren, 50 bat sagar mota biltzea lortu dute; madari,
kiwi, mizpira eta halako beste fruta barietate batzuekin osatuko dute erakusketa, 60 bat espezieraino.
«Tximeletak eta harjoak ere asko kaltetu du sagarra, eta, azkenera, haizeteak zuhaitzetik ale asko bota zuen»
Xabier Arratibel. Erbie elkarteko lehendakaria
Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere igandean Gabirian jokatuko da, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta. Bailarako erlezainek 10:00etatik 10:30era aurkeztu behar dituzte bina poto ezti, GEEren postuan. Hiru sari banatuko dituzte. Sagar eta menbrillu lehiaketako partaideek, aldiz, 09:00etarako eraman behar dituzte bina saskikada eta gozoaren platerkada bat.
EGITARAUA
10:00: Azoka, sagar moten eta errezil sagarraren erakusketen irekierak.
10:30: Errezil sagar eta menbrillu lehiaketen hasiera.
11:00: Sagar motei buruzko azalpenak.
12:00: Lehiaketako menbrillu dastaketa, Erbien.
13:00: Sari banaketa.
14:00: Azokaren bukaera.













