Lau atxilotu Ordizian
Irailaren 21 arratsaldean herriko aparkaleku batean izandako gertakari baten harira atxilotu ditu Ertzaintzak 43, 33, 20 eta 18 urteko lau gizonezko. Erasotuari zauri larriak eragin zizkioten eta Donostiako Ospitalean jarraitzen du oraindik ingresaturik.
Ordiziaren eta Beasainen ikuspegia, Altzagarateko gainetik.Gotzon Aranburu Ertzaintzak 18 eta 43 urte bitarteko lau gizonezko atxilotu ditu Ordizian, irailaren 21 arratsaldean herriko aparkaleku batean izandako gertakariaren harira. Ertzaintzak jakinarazi duenez, “gizon bati lesio larriak” eragitea egotzi diete. “Gizon horrek zauri larriak izan zituen eta Donostia Ospitalean dago oraindik. Gainera, inplikatuek biktimaren bi lagunak mehatxatu zituzten gertatutakoa Ertzaintzari ez kontatzeko. Lau atxilotuak epailearen esku utzi dituzte, eta erasotzaile nagusia espetxeratzeko eta gazteena adingabeen zentro batean sartzeko agindu dute”.
Ertzaintzaren ikertutako gertakariak irailaren 21eko arratsaldean gertatu ziren Ordiziako aparkaleku publiko batean. “Polizia-ikerketa sakona Tolosako dagokion epaitegiak agindutako jarduketen sekretupean egin da. Izapidetutako eginbideetan oinarrituta eta egindako ikerketen ondorioz, agenteek lau erasotzaileak identifikatzea lortu zuten”. Hori dela eta, urriaren 27an, “Oriako ertzain-etxeko baliabide askok operatibo bat egin zuten Ordizian”, eta lau egileak atxilotu zituzten aldi berean, herriko hiru lekutan, 43, 33, 20 eta 18 urteko gizonezkoak. Gazteena adingabea zen gertakarien unean”.
Urriaren 28an atxilotuak Tolosako epaitegiaren esku utzi zituzten, eta, han, 43 urteko “erasotzaile nagusia” espetxeratzea agindu zuten (hainbat delitu-aurrekari zituen). Bestalde, Adingabeen Fiskaltzak 18 urteko gaztea Zumarragako Barneratze Zentrora eramatea agindu zuen.













