Tejadaren hirugarrena, Ormaiztegin
Erlantz Tejada bizkaitarraren profesionaletako hirugarren borrokaldia izango da Zubipekoa. Hiru goierritar ariko dira borrokan, amateurretan.
Boxeo Gaua iaz, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian.Angel Elorza Ormaiztegiko Zubipe pilotalekua boxeolarien eta boxeo zaleen elkargune izango da bihar, larunbata. Boxeo Gaua antolatu du aurten ere Eusko Boxek, Ormaiztegiko Udalaren eta Irizarren laguntzarekin. Bederatzi borrokaldi izango dira ikusgai; zazpi borrokaldi amateur, eta neoprofesionalen eta profesionalen arteko bana. Erlantz Tejada bizkaitarraren profesionaletako hirugarren borrokaldia izango da. Aurreko bietan irabazle atera da; lehena Ordizian izan zen, uztailean, eta bigarrena Lezaman, irailean.
20:00etan hasiko da jaialdia. Aurrena amateurrek borrokatuko dute, neoprofesionalek ondoren, eta azkeneko borrokaldia izango da maila gorenekoa, profesionalen artekoa. Sarrerak 13 euroan daude salgai aurrez, Ormaiztegiko Maria Eugenia Lasa estankoan, Beasaingo Alondra ile apaindegian edota Ordiziako Boxing Klubean zein Zortziko Tabernan. Bihar bertan leihatilan ere eskuratu ahal izango dira, 15 euroan.
Goierriko hiru boxeolarik parte hartuko dute amateurretan: Xuban de Lera ordiziarrak eta Gabriel Moreno eta Ekaitz Juanarena zumarragarrek.
Borrokaldiak
Amateurrak
- Ekaitz Juanarena (Zumarraga) vs. Xabier Aranbarri (Erandio).
- Gabriel Moreno (Zumarraga) vs. Alejandro Perlaza (Errenteria).
- Xuban de Lera (Ordizia) vs. Pablo Gomez (Getxo).
- Axel Aguilar (Errenteria) vs Oier Biain (Gasteiz).
- Imanol Hernandez (Errenteria) vs. Iker Santos (Gasteiz).
- Ixai Arruiz (Iruñea) vs. Ignacio Mendoza (Gasteiz).
- Denis Zelaia (Errenteria) vs. Abdelilah Daoui (Bizkaia).
Neoprofesionalak
- Juan Blanque (Iruñea) vs. Ayyoub El Mzlazli (Gasteiz).
Profesionalak
- Erlantz Tejada (Abusu) vs. Yehor Piadko (Ukrania).













