Tokiko ekintzaileentzako bulego berriak egokitu dituzte Lazkaon
Ekintzaileek beren proiektuak garatzeko bulego eta bilera gelak egokitu ditu udalak. Azaldu dute hurrengo urratsa Goiekirekin hitzarmena sinatzea dela.
Josetxo Sare, Kepa Zubiarrain eta Izaro Gurrutxaga, bisitaldian. Lazkaoko Udala Amaitu dira orain lau hilabete udalak abiarazi zituen Lazkaoko Hirigoien kaleko 56 eta 58 zenbakietan dauden bi lokalak birgaitzeko lanak. Goieki Garapen Agentziarekin elkarlanean, ekintzaileentzako udal bulego berriak egokitu dituzte, ingurune egokiagoa zein irisgarriagoa bermatzea helburu hartuta.
Aurrez erabiltzailerik gabeko lokalak ziren eta horietako bi erabat berritu eta erabilgarri bilakatu ondoren, prest dira herritarren eskura jartzeko. Udalak jakinarazi duenez, aurreneko lokalak, 56,66 metro karratuko azalera du, hiru bulego eta office berriarekin; bigarrenak, aldiz, 32,92 metro karratuko azalera du, eta bilera gela bat zein komuna egokitu dira bertan. Guztira, 112.401,03 euroko (BEZa barne) inbertsioa egin du udalak.
Berrikuntzetan egindako jardueren artean daude, besteak beste, iturgintza, elektrizitate, telekomunikazio eta klimatizazio sistemak instalatzea, eta baita aireztapen mekaniko kontrolatuko sistema bat, argiztapen eraginkorraren azterketa eta eremu komunetan zein pasaguneetan presentzia-sentsoreak txertatzea ere.
Kepa Zubiarrain alkatea, Josetxo Sare sustapen ekonomikoko arduradunak eta Izaro Gurrutxaga udal teknikariak instalazio berriak bisitatu dituzte aste honetan, eta jakinarazi dute zein izango den hurrengo urratsa: Goiekirekin hitzarmena sinatzea, “herrian ekintzailetza eta dinamizazio ekonomikoa sustatzeko proiektuak bultzatzeko”.














