Ibilgailuen abiadura murrizteko lanak hasi ditu aldundiak Zerainen
Lanek abenduaren erdialdera arte iraungo dute, eta fresaketa eta asfaltatze lanek zirkulazio mozketa puntualak eragingo dituzte.
Ibilgailuen abiadura murrizteko lanak egingo diren tokia.GFA Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi ditu Zeraingo zeharbidean (GI-3520) ibilgailuaren abiadura baretzeko eta frontoiaren eta Ostatuaren inguruko eremuan segurtasuna hobetzeko lanak. Aurreikuspenen arabera, lanek abenduaren erdialdera arte iraungo dute, 8:00etatik 18:00etara, eta fresaketa eta asfaltatze lanetarako trafiko mozketa puntualak aurreikusten dira.
“Lanen helburua da zeharbidea zeharkatzea seguruagoa eta erosoagoa izatea zeraindarrentzat, eta ingurunea babestuagoa egotea. Errepideak herria erdibitzen du: alde batean udaletxea eta Ostatua daude, eta bestean frontoia eta etxebizitzak. Pertsona askok egunero gurutzatzen dute, eta helburua da ibilbide hori ibilgailuek abiadura txikian eta segurtasun bermeekin egitea”, adierazi du aldundiak ohar bidez..
Horretarako, trazadura aldatuko da tarte horren bi muturretan, bidean sigi-sagako desbideratze txikiak sortuz, eta, ondorioz, txandaka zirkulatu beharko da. “Horri esker, ibilgailuak astiroago sartuko dira zeharbidean, eta arreta handiagoa jarriko dute gidariek. Aldi berean, galtzadaren plataforma espaloiaren kotarekin berdinduko da, zeharbideak ‘kale itxura’ izan dezan, errepidearena baino gehiago, eta espaloia handituko da, oinezkoentzako espazioa irabazteko”.













