LAPKEk Gipuzkoako klub onenaren aitortza jaso du
Gipuzkoako Txapelketako kategoria guztietan lortutako emaitza onengatik errekonozitua izan da Lazkao Antzar Pilota Kirol Elkartea.
LAPKEko Beñat Zubizarreta eta Beñat Garmendia, txapelekin, zuriz jantzita.GPF 2025eko Gipuzkoako Pilota Txapelketan lortutako emaitza onengatik, klub onenaren aitortza jaso berri du LAPKE Lazkao Antzar Pilota Kirol Elkarteak. Kategoria guztietan izan du errepresentazioa eta denetan lortu du nola edo hala nabarmentzea; bigarren postua lortu du kadete zein jubenil mailetan, eta aurreneko postua senior mailan.
Lazkaoko Udalak ere keinu egin dio elkarteari, sare sozialetan zabaldutako oharraren bidez: “Aitorpen hori ez da halabeharraren emaitza, baizik eta klubeko kide diren pertsona guztien etengabeko lanaren eta ahaleginaren emaitza zuzena”. Klubak egunerokoan egiten duen lana ere nabarmendu du: “Euskal pilotaren sustapenean eta udalerriko gazteen artean ahalegina, konstantzia eta talde-lana bezalako balioen transmisioan klubak egiten duen lana nabarmendu nahi da”.














