Profesional mailako hirugarren garaipena Tejadarentzat Ormaiztegin
Gaueko boxeolari onenaren saria Ayyoub El Mlazli gasteiztarrak jaso zuen.
Erlantz Tejada profesional mailako hirugarren garaipena lortu berritan, Ormaiztegin.Eusko Box Boxeoaren festa handia ospatu da beste behin, Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian. Iragarrita zegoen ikuskizunak ez zuen hutsik egin, eta ikusleek harmailak bete zituzten ostiral iluntzean. Eusko Boxek antolatu du beste behin Boxeo Gaua, Ormaiztegiko Udalaren eta Irizarren laguntzarekin.
Guztira, bederatzi borrokaldi izango ziren ikusgai; zazpi borrokaldi amateur, eta neoprofesionalen eta profesionalen arteko bana. Erlantz Tejada bizkaitarrak (22 urte) profesional mailako hirugarren garaipena lortu zuen Ormaiztegin, Yehor Priadko ukrainarrari irabazita. Aurreko bietan ere irabazle atera da; lehena Ordizian izan zen, uztailean, eta bigarrena Lezaman, irailean.
Gaueko boxeolari onenaren saria ere banatu zuten ostiralean. 75 kilotan bi aldiz Euskadiko txapeldun izan den Ayyoub El Mlazli gasteiztarrak jaso zuen, Jon Enrike Ormaiztegiko alkatearen eta Andoni Zarandona Irizar kooperatibako ordezkariaren izenean. Neoprofesionalen mailan, Mlazlik-ek Juan Blanque nafarra izan zuen arerio ring gainean, lau asaltotara jokatu zuten borrokaldian.
Amateurren mailan, Latigo Team taldeko Denis Zelaya errenteriarrak Mitxel Diaz nafarrari irazi zion. 68 kilotan, Ignacio Mendoza Ixai Arruiz iruindarra baino gehiago izan zen. 67 kilotan, Iker Santos gasteiztarrak irabazi zuen Imanol Hernandez errenteriarraren aurka eta Oier Biainek Axel Aguilarren aurka.
Boxeo Gauan parte hartu zuten beste jokalarien artean Xuban de Lera ordiziarra, Pablo Gomez, Gabriel Moreno zumarragarra, Alejandro Perlaza, Ekaitz Juanarena zumarragarra eta Xabier Aranbarri nabarmendu dituzte antolatzaileek.

Ayyoub El Mlazli eta Juan Balnque, Zubipelp ring-ean.













