Azaroaren 26an jokatuko da Ordizian Euskal Herriko I. Odolki lehiaketa
Ordiziako Azokaren barruan, 10:00etan, Plaza Nagusian hasiko dira epaimahaikideak odolkiak dastatzen. Aurten, Gipuzkoakoaz gain, I. Euskal Herriko lehiaketa ere jokatuko da.
Gipuzkoako Odolki txapelketaren iazko saridunak, antolatzaile eta epaileekin.Loinaz Agirre Berritasunekin dator aurten, azaroaren 26an, 10:00etan, jokatuko den Ordiziako odolki lehiaketa: Gipuzkoako 26. Odolki lehiaketarekin batera, Euskal Herriko I. Odolki lehiaketa jokatuk da.
Euskal Herriko txapelketako irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma. Horretaz gain, Euskal Herriko I. Odolki lehiaketako lehen gipuzkoarrak Gipuzkoako 26. lehiaketako saria izango du, txapela, garaikur eta diplomarekin.
Epaimahaia
Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iñaki Telleria (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Aritz Ansola (Sansonategi Jatetxea, Hernani– Jakitea), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Aizpea Oihaneder (Mahaia kolektiboa) sukaldariak, Juanma Garmendia (Fecoga); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (El Diario Vasco) kazetariak eta Paloma Enriquez (Cebanc ostalaritza eskolako zuzendaria).
Odolkia dastatzerakoan, ondorengoa hartuko dute kontuan: txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka izatea: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. “Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute”.
Odolkia sustatu
Odolkiaren kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi dute Ordizian lehiaketarekin. Gainera, “kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita Euskal odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere”.
Odolki pintxoak
Lehiaketa martxan dagoen bitartean, herriko Oianguren Ikastetxeko ikasleek odolki pintxoak salduko dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.













