Burdinola elkartearen argitalpenak, Legazpiko Udalaren webgunean aukeran
Felix Ibargutxik Santa Maria kaleari eskainitako liburua da bildumara gehitu duten azkena. 'Txinpartak' aldizkariaren 51. alea ere jasota dago bertan.
Felix Ibargutxik iazko urte amaieran aurkeztutako 'SMK' liburua ere eskuragarri dago Burdinolaren bilduman. Legazpiko Burdinola elkarteak udalaren webgunean ditu eskuragarri azken urteetan egindako hainbat argitalpenen bertsio digitalak. Elkartearen argitalpen propioekin batera, “urteetan zehar gure kultura ondarea ezagutzeko eta zabaltzeko ekarpen garrantzitsua egin duten argitalpenak” ere jaso ditu https://www.legazpi.eus/burdinola atalean.
Atal horretara gehitutako azken lana Felix Ibargutxiren Santa Maria Kalea liburua da, “inprimatu zen liburuaren akats batzuk zuzendu ondoren”.
Azken Txinpartak
Txinpartak aldizkariaren azken alea ere eskuragarri dago. Bertan, elkarrizketa sakona egin diote Burdinolako lehendakaritzan 20 urte daramatzan Jose Luis Ugarteri.
Horrez gain, Eugenio Agirre gogoratzen duen artikulua, lehen aipatutako Ibargutxiren liburuari eta Jose Antonio Azpiazuk txerriaren inguruan idatzitako lanari buruzko erreseinak, eta honako gai hauek jaso dituzte bertan, besteak beste: Legazpiko ikonografia, Gorka Salmeronek Patrizio Etxeberriaren lantegiko argazkien inguruan eta Ignacio Agirre Montegiren inguruan egindako erakusketak, parrokiko Nazarenoaren irudia eta Telleriarten egindako belar lanen erakustaldia.
Burdinolak Legazpiko Udalaren webgunean duen atalean Txinpartak aldizkariaren ale guztiak daude jasota, baita elkarteak bere ibilbide emankorrean zehar argitaratutako mapak, triptikoak, egutegiak, koadernoak eta hainbat bideotarako estekak ere.














