Josu Urrestarazuk bigarren txapela jantzi du mendi duatloian
Urrian Euskal Herriko txapelketa irabazi ondoren, zirkuituan ere gailendu da. Zegama-Aizkorri eta Behobia ditu hurrengo urterako erronkak
Mendi duatloiko Euskal Herriko txapeldunaren txapela jantzi eta gutxira, Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko irabazlearena eskuratu du Josu Urrestarazu kirolariak (Idiazabal, 1994). Euskal Herriko txapeldun titulua urriaren 18an irabazi zuen, Arabako Kanpezun jokatutako proban. Zirkuituko irabazlearen txapela asteburu honetan bertan jantzi du Adunan, zazpi probez osatutako sailkapena irabazita.
Balio handia eman die Urrestarazuk bi lorpen horiei. «Aurreko bi urteetan ez nuen batere probarik irabazi zirkuitu horretan, eta iaz anemia puntu batekin amaitu nuen, gainera. Aurten nire espektatiba bakarra proba bakoitzean gozatzea zen, eta hasieran ez nuen imajinatu ere egin horrela bukatuko nuenik, urtea anemiarekin hasi dudalako eta udazkena lehia aldetik oso gogorra zetorrelako».
Zirkuituko probetan ondo gozatzeaz gain, podiumetik jaitsi gabe ibili da, eta horrek eman dio azken titulua. Lau proba irabazi ditu, tartean Euskal Herriko txapelketa, «eta sailkapen orokorrekoa bosgarrena izan dela esango nuke». Gainera, bigarren postu bat eta hirugarren postu bat ere egin ditu zirkuituan. Horrelako emaitzekin, eta zazpi probetatik sei eginda bakarrik, lortu du lehen postua sailkapenean.
Mendi lasterketak nahiago
Urrestarazuk amaitu du denboraldia. «Udazkena oso intentsua izan da hainbeste lasterketekin, fisikoki eta buruz, podiumera igotzeak presio estra bat eragin didalako. Irabazi beharra sentitzen nuen, eta neure burua estutu dut, minik ez hartzeko, eta egoera onean egoteko». Denboraldi honen balorazio ona egin du, «ondo sentitu naiz, ez dut minik hartu, eta jarraikortasun bat erakutsi dut».
«Denboraldi honetan ondo sentitu naiz, ez dut minik hartu, eta jarraikortasun bat erakutsi dut».
Josu Urrestarazu. Kirolaria
Orain atseden «mentala eta fisikoa» hartuko du, «berriz ere lehiatzeko gose hori egiteko». Denboraldi berrirako Zegama-Aizkorri eta Behobia ditu jomugan. Bata asfalto gainean egiteko lasterketa da, bestea mendian, baina biak korrika. Eta Urrestarazu txirrindularia izandakoa da.
Hamar urte egin zituen federatuta, horietatik bost afizionatuetan. Mendi lasterketekin 2018an hasi zen, eta bi kirolen arteko balantza parekatzen hasi da.
Biak oso kirol desberdinak direla dio: «Txirrindularitza oso profesionalizatuta dago, oso mundu itxia da, baina mendi korrikalariena ez, aldatzen ari den arren, oraindik kirol herrikoia delako, eta ez duelako hainbeste dirurik mugitzen. Ziklismoan ez bezala, mendi karreretan denek parte har dezakete, izan onak ala txarrak. Ni erosoago sentitzen naiz horietan orain».
Kirol honetan emakumeen parte hartzea handitzen hasi izanari ere garrantzi handia ematen dio idiazabaldarrak, «ikusten dudalako pixkanaka beldurrak eta konplexuak ahazten ari garela. Emakumeek protagonismoa hartzen joatea oso positiboa da, eta dagokion balio eman behar zaio. Ea bide horretatik jarraitzeko aukera daukagun, denak elkarrekin lan eginda».
ARGAZKIAK: Alberto Benito Meaza














