«Ataunen badago oraindik gizakiak zapaldu gabeko lekurik»
Ataungo lau barrunbe sektore, eta 245 koba, leize, piztizulo, babes eta meategi zerrendatzen dituen ‘Ataungo barrunbeak’ ikerketa lana ondu du Fontenlak. Ataunikerrekin argitaratu du.
Ion Fontenla, 'Ataungo barrunbeak' liburua eskuan duela. Iñaki Gurrutxaga Ia bi hamarkadatako lanaren emaitza den Ataungo barrunbeak liburu mardularen lehen atala aurkeztuko du bihar Ion Fontenlak (Lazkao, 1984) Ataungo udaletxean, 19:00etan.
Zer da Ataungo barrunbeak liburua?
Don Juantxikik (Juan Arin Dorronsoro) orain 70 urte argitaratu zuen katalogoaren eguneratze bat dela esango nuke. Arinek Ataun goitik behera izendatuta utzi zuen, lan aparta egin zuen. Guk gure aldetik barrunbeen azterketa sakonago bat egiteko ahalegina egin dugu eta gaur egungo teknologiarekin eta baliabideekin orain arteko informazioa osatu dugu.
Zer aurkituko du irakurleak?
Irakurleak ez du Ataungo koben katalogo soil bat aurkituko. Herrian dauden koben fitxak agertuko dira noski, baina garrantzi berezia eman diot Ataun alor ezberdinetatik ikertzeko ahaleginari. Hau da, mendian aditu askorekin ibiltzeko aukera izan dut eta geologiaz, arkeologiaz, ekologiaz asko ikasi dut. Jaso dudan informazio hori baliatu dut geologiaren, paisaiaren, historiaren, paleontologiaren, ekologiaren eta beste hainbat alorren lanketa bat egiteko. Egin beharra izan dudan azterketa bibliografikoa ere handia izan da.
Eta nola egituratu duzu?
Liburu hau lehen atala da, Ataungo lau barrunbe sektore aurkituko ditugu bertan, denera 245 koba, leize, piztizulo, babes eta meategi zerrendatu ditugu. Ataungo Domoaren ia azalera osoa sartuko litzateke liburu honetan. Hemendik urte gutxira argitaratzea espero dudan bigarren liburuan aldiz beste bederatzi sektore sartuko dira; azken horiek Agautz, Lareo eta Lizarrusti inguruan daude. Guztira 500 barrunbetik gora daudela esango nuke herrian, baina bigarren zatia amaitzen denean jakingo dugu zehazki zenbat izan daitezkeen.
«Garrantzi berezia eman diot Ataun alor ezberdinetatik ikertzeko ahaleginari»
Zenbat urteko lanaren emaitza da?
Orain 15 urte inprimatu nuen 1955ean Munibe aldizkarian argitaratu zen Don Juantxikiren katalogoa. Dokumentu hura esku artean izanda, koba eta leizeak ezagutzeko interesa piztu zitzaidan. Matias Imaz izan nuen bidelagun lehen urteetan, esperientzia handia zuen esplorazioan.
Hortik etorri al zitzaizun leize eta kobazuloetan ibiltzeko zaletasuna?
Esploraziorako zaletasunetik esango nuke. Pirinioetan, Alpeetan, Andeetan eta beste hainbat lekutan esploratzeko aukera izan dut Garazi bikotearekin eta beste lagun batzuekin. Proiektu honek erakutsi dit herrian bertan esplorazioak eta espedizioak egin daitezkeela. Orain gutxi zortzi eguneko lana izan duen leize berri bat esploratu dugu. Badago oraindik gizakiak zapaldu gabeko lekurik.
Ataun leize eta koba ugariko eremua da. Zerk egiten du berezi?
Dakigun moduan Ataungo Domoan karsta da nagusi. Karaitza dagoen lekuan urak zizelkaturiko koba eta leize ugari daude, eta ondorioz iraganeko eta egungo gizakientzako eta piztientzako bizitoki ugari daude. Agian Aizkorriko edo Aralarko beste lekuekin konparatzen badugu ez dago alde handirik. Nire ustez domoa bezalako egitura geologiko singularrak eta mitologiaren misterioak egiten dute Ataun berezi.
«Karaitza dagoen lekuan urak zizelkaturiko koba eta leize ugari daude, eta ondorioz iraganeko eta egungo gizakientzako eta piztientzako bizitoki ugari daude»
Nolakoa izango da aurkezpena?
Ataunikerren diogun moduan, «jaso, gorde eta zabaldu» egin behar da. Orain urtetan jaso eta gorderiko informazioa zabaltzea egokitzen zaigu. Lan honetan argazkiei garrantzi handia eman diet, eta argazkiz beteriko aurkezpena izango da. Liburua irakurri nahi duenak irakurriko du, nik bertan lortu ditugun ondorio nagusiak aipatuko ditut eta nola ez, kuriositate ugari prestatu ditut. Aurkezpen arina egiten ahaleginduko naiz.
Behin Ataunen aurkeztuta, zer zabalkunde eman asmo diozu?
Dokumental batzuk egin ditut azken urteetan eta Euskal Herri mailako zabalkundeak egiten ohituak gaude, baina horren proiektu pertsonala eta lokalizatua izanda ez dut zabalkunde handirik egingo. Proposamenen bat iristen bazait ezezkorik esaten ez dakit, baina ez dakit Ataundik kanpo zenbaterainoko interesa sortuko duen.
Eta liburua eskuratzeko?
Barandiaran museoan eta Ataungo liburu eta disko azokan egotea espero dut. Lazkaoko Gerriko liburu-dendan ere ale batzuk utziko ditut. Bestela ataunikertaldea@gmail.com-era idazten duenari bidaltzen saiatuko naiz.













