Azken bi urteotan hondakin bilketa egoerak okerrera egin du
Indizea mantendu arren, zenbait kasutan behera egin du. Bereizita bildutako material birziklagarrien kalitatea jaitsi egin da. Sasietak herritarrak sentsibilizatzeko bi kanpaina ditu martxan.
Iñaki Erauskin Sasietako kudeatzailea eta Leire Artola lehendakaria, gaur Sasietaren egoitzan. Iñaki Gurrutxaga «Erlaxazio eta utzikeria puntu bat» sumatzen dute Sasieta Mankomunitateko arduradunek azken bi urteotako hondakin bilketaren joera ikusita. Bereizita bildutako hondakin gordinaren indizea egonkorra den arren –%76an dago–, «material birziklagarriaren kalitateak behera» egin duela nabarmendu dute.
«Organikoaren bilketa jaitsi egin da, errefusarenak gora egin du eta bereizita bildutako material birziklagarriaren kalitateak behera egin du, bereziki ontzi arinen bilketak»
Leire Artola. Sasietako lehendakariak
Leire Artola Beasaingo alkate eta Sasietako lehendakariak eta Iñaki Erauskin kudeatzaileak eman dute egoeraren berri, gaur eguerdian egindako agerraldian. «Azken bi urteotan hondakin bilketaren egoerak okerrera egin du Gipuzkoa osoan, eta baita gure mankomunitatean ere. Bilketa bereiziaren indizea egonkortu egin da, eta zenbait kasutan okerrera egin du. Organikoaren bilketa jaitsi egin da, errefusarenak gora egin du eta bereizita bildutako material birziklagarriaren kalitateak behera egin du, bereziki ontzi arinen bilketak», zehaztu du Artolak.
Bereizteko 17 era
Antzemandako egoera zuzentzeko asmoarekin bi kanpaina jarri ditu martxan mankomunitateak. Batetik, Etxetik gertu birziklatzeko 17 era liburuxka zabalgarriaren 31.000 ale banatzen ari dira Goierriko etxe guztietara. «Hondakinak modu bereizian eta erosoan entregatzeko herritarrek dituzten aukera ezberdinak gogorarazteko da. Aukera guztiak oso modu grafikoan zehazten dira. Orain arte bederatzi aukera genituen, baina aurten jarri diren 34 minigarbiguneei esker beste zortzi hondakin mota ezberdin biltzeko aukera dugu». Artolak gogoratu du Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko garbiguneak ere erabilgarri daudela astelehenetik larunbatera.
«Hondakinak nahasian dituzten zabor poltsak antzeman ditugu, bildutako materialen kalitatea nabarmen jaitsiz eta bereizketa txukun egiten dutenen lana alferrik galduz. Neurriak hartzen ari gara»
Iñaki Erauskin. Sasietako kudeatzailea
Birziklatzeko kalitatea behar
Erauskinek eman du aurrez abiatutako beste kanpainaren berri: Ontziak ondo bereizi. Kalitaterik gabe ez dago birziklatzerik. «Zalantzak argitzeko diptiko bat da, eta mankomunitateak azpimarratu nahi du ‘plastiko guztiak ez doazela horira’, eta kubo-edukiontzi horia ‘enbaseentzat’ dela, ez ‘plastikoentzat’». Beste arazo bat ere sumatu dute: «Hondakinak nahasian dituzten zabor poltsak antzeman ditugu, bildutako materialen kalitatea nabarmen jaitsiz eta bereizketa txukun egiten dutenen lana alferrik galduz. Neurriak hartzen ari gara».
HONDAKINAK EGOKI BEREIZTEKO NEURRI ZUZENTZAILEAK
- Oharrak eranskinetan: Eranskinak jarri dira edukiontzietan, sei hizkuntzatan, honako mezuekin: Debekatuta dago edukiontzi horian zaborra botatzea eta Kontrola egingo da eta arau-hausleei isuna jarriko zaie.
- Bandoak: Bandoak jarri dira horrelako poltsak antzeman diren inguruko atarietan.
- Udalen mezuak: Udalek kanpainaren berri eman dute udal aplikazioen bidez.
- Banakako kontrol eta jarraipen kanpaina: Enbase-edukiontzi batzuen banakako kontrol eta jarraipen kanpaina egiten ari da mankomunitatea. Astero behin baino gehiagotan errebisatzen dituzte, egoera zuzentzen ari den ala ez egiaztatzeko.
- Txartelen erabilera aztertu: Errefusarentzako eta organikoarentzako edukiontziak irekitzeko etxebizitzetan banatutako txartelen erabilera aztertu du Sasietak. Inongo erabilerarik ez duten etxebizitzei eskutitzak bidaltzen hasi da hondakinak behar bezala kudea ditzaten eskatuz.
- Arau-hausleei isunak: Edukiontzitik poltsak atera eta arakatzen hasi dira Sasietako langileak, arau-hausleak identifikatu eta ordenantzan ezarritako isuna jarriz.
Ordenantza berriaren proiektua lantzen ari da Sasieta
Sasieta Mankomunitateak hasi ditu etxeko hondakinak eta hondakin komertzial ez-arriskutsuak bildu eta garraiatzeko zerbitzua arautzen duen Ordenantza berriaren proiektua onartzeko izapideak.
Hondakinen legeak (7/2022 legea) xedatzen du toki erakundeek lege horretara egokitzen diren ordenantzak onetsi behar dituela, beren eskumeneko hondakinen bilketari eta kudeaketari buruzko betebehar berriak ezarritako epeetan betetzen direla bermatzeko.
Ordenantza berria onartu aurretik, Sasietak kontsulta publikoa egin nahi du, eta herritar, elkarte eta erakundeek abenduaren 3ra arteko epea izango dute ekarpenak egiteko.
Ordenantza berri horretan argiago jasoko dira Ordenantzaren aurkako jokabide jakin batzuk, eta isunen zenbatekoak nabarmen gogortuko direla aurreratu dute: Arau-hauste arinak (750 eurora arte), larriak (751 eurotik 1.500era) eta oso larriak (1.501 eurotik 3.000ra). Ordenantza abenduko batzarrean onartu nahi dute.













