EHNEk eta Enbak "argitasun eta gardentasun handiagoa" eskatu diete administrazioei hegazti gripeari aurre egiteko
"Proportzionaltasunez eta zorroztasun zientifikoz" jokatzeko eskatu diete, eta salatu dute bileretatik kanpo utzi dituztela.
Euskal oiloak larrean.Hitza EHNE eta Enba sindikatuek prentsa ohar bateratua kaleratu dute euskal administrazioei “landa ekoizpeneko sistemaren defentsa irmoagoa” egin dezaten eskatzeko. “Argitasun eta gardentasun handiagoa, eta hegazti gripeari proportzionaltasunez eta zorroztasun zientifikoz aurrez egiteko eskatzen diogu”.
Sindikatuen esanetan, hegazti gripearen kudeaketa “ez konstantea” izaten ari da, eta “neurri politikorik proposatu ez” dezatela eskatu diete agintariei. Horren harira, “harrituta” agertu dira euskal administrazioak gai hau nekazaritza erakundeekin “zuzenean tratatzeari” uko egin diolako. Salatu dutenez, “aurrez egindako bileretatik kanpo utzi” dituzte, eta hartutako neurriak ez dizkiete sektoreari ofizialki jakinarazi.
Sistema estentsiboen kaltetan
Bi sindikatuek nabarmendu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategi gehienek “landa-ekoizpeneko sistema estentsiboak eta ekologikoak” dituzte. “Sistema horietan, oiloak kalera ateratzea bermatzen da, eta horrek aukera ematen die beren ekoizpen-zikloaren garapen naturalago bateri eusteko. Azpimarratu behar da hegazti gripeak gutxien eragiten dien ustiategiak direla hauexek”.
Adierazi dute sektore estentsiboak aspalditik dituela barneratuta gaixotasunaren arriskuak gutxitzeko prebentzio neurriak, hala nola animaliak etxaldeen barruan elikatzea, aire zabaleko ur-biltegietan ez edatea, ustiategietatik kanpoko pertsonak sartzea saihestea edo ustiategietara sartzean arropa eta oinetakoak aldatzea. “Horrelako konfinamenduak gaixotasunak izateko arriskua areagotu baino ez luke egingo, barrualdera ohitu gabeko landa-leinuak baitaude, eta horrek pododermatitisa, mokoka eta estres arazoak eragingo lituzke, baita etxaldeak barruan animaliekin garbitzeko zailtasunak ere”.
EHNEren eta Enbaren esanetan, hegazti gripeak eragindako ustiategien “%90 baino gehiago ziklo konfinatua dute ustiategiak dira”, eta beraien instalazioetan aireztapen behartuko sistemak dituzte. “Aire mugimendu bolumen handi hori (hegaztien gripea ere airetik transmititzen da), eta, horrekin batera, animalien kontzentrazio handiek, dira anduien mutazioak errazten dituztenak, eta horren ondorioz, hegaztien gripeak duen inpaktu handia”.
Bi erakundeek salatu dute euskal administrazioa animalia kopuru txikia duten ustiategi txikiak konfinatzearen aldeko apustua egiten ari dela.
Lan-mahaia deitzeko eskea
EHNEk eta ENBAk dei egiten diete euskal administrazioei sektore osoa lan-mahai batera deitzeko, eta “euskarri zientifiko egokietan” oinarrituta, EAEko hegazti produkzio sistemaren onurei buruz txosten bat egiteko eskatu diete, baserritarrek “merezitako ospea berreskura” dezaten.













