Idiazabalgo merkataritza sustatzeko bonu kanpaina, berriz ere martxan
Bonuak azaroaren 26an jarriko dituzte salgai eta urtarrilaren 4ra bitartean egongo dira erabilgarri.
Idiazabalgo udal eta komertzioetako ordezkariak iaz, kanpainaren aurkezpen ekitaldian. Josune Zarandona Herriko merkataritza eta zerbitzu sektorea suspertzeko helburuarekin, erosketa bonuen kanapina jarri zuen martxan, iaz, lehenengo aldiz, Idiazabalgo Udalak. Esperientzia “positiboa” izan zen eta izandako arrakasta ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki dute. Iaz bezala, 500 bonu jarriko dituzte salgai eta 20 euro ordainduta, 40 euroko balioa duten bonuak eskuratu ahal izango dira.
Bonuak 5 euroko 8 txarteletan frakzionatuta banatuko dira. Herritar bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez —NAN txartela aurkeztu beharko da—; eta ezin izango du beste norbaiten izenean erosi, ezta haren NAN txartela aurkeztuta ere.
Bonuak azaroaren 26an jarriko dituzte salgai, 16:00etan udaletxeko areto nagusian. Kanpaina hurrengo egunean, azaroak 27an, hasiko da eta 2026ko urtarrilaren 4ra arte egongo da indarrean. Kanpainan parte hartu nahi duten komertzioek azaroaren 21era arteko epea dute udaletxean izena emateko.













