Munduko mutur hotzenetako landareen sekretuei buruzko hitzaldia
Ostiralean izango da, Igartzako jauregian, Lemniskataka antolatu duen 'Azaroa Zientziaroa' zikloaren barruan.
Jose Ignacio Garcia Plazaola eta Beatriz Fernandez Marin ikertzaileak. Azaroa Zientziaroa zikloaren hirugarren saioan Jose Ignacio Garcia Plazaolak eta Beatriz Fernandez Marinek El lado verde del continente blanco: como viven las plantas en la Antartida hitzaldia eskainiko dute. Ostiralean izango da hitzordua, 19:00etan hasita, Igartzako jauregian.
Jose Ignacio Garcia Plazaola Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra da, eta bigarrenez izango da Beasainen, Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak antolatutako ekimen batean. Harekin batera izango da Beatriz Fernandez Marin, Ramon y Cajal programako ikertzaile seniorra. Biak dira EHUko Landareen Biologia eta Ekologia departametuko ikerketa taldeko kideak eta nazioarteko esperientzia handia dute.
Mutur hotzenetan
Bi hizlariek urteak daramatzate aztertzen nola bizirauten eta egokitzen diren organismo fotosintetikoak -landareak, likenak, goroldioak- muturreko baldintzetan, hala nola ur faltan, izozte sakonetan edota argi eskasian. Orain arte, Garcia Plazaolak eta Fernandez Marinek lau ikerketa kanpaina egin dituzte Antartikan, eta beste lau Artikoan eta subartikoako inguruneetan. Esperientzia horien berri emango dute Beasainen.
Hitzaldiak kontinente zuriko ‘alde berdea’ azaleratuko du: izotzaren erdian ere, bizitzak bere bidea egiten duen modua, egokitzapen harrigarrien bidez.
Beste ekintza batzuk
Azaroa Zientziaroa zikloaren osagarri gisa, 26 emakume erakusketa ikusgai dago Lazkaoko plazan, azaroaren 30era arte. Emakume zientzialarien eta kulturgileen ekarpena ikusaraztea du helburu erakusketak, eta ziklo honetako programaren zutabeetako bat da.
Era berean, gogorarazi, XII. Lemniskata Nazioarteko Matematika Lehiaketan parte hartzeko epea irekita dagoela abenduaren 31ra arte. Matematikaren eta argazkigintzaren arteko lotura esploratzeko gonbita da, urteko zita beresienetako bat.













