Ordiziako EAJko Joseba Aranburu bozeramailea, Gipuzkoako Landa Garapeneko zuzendari berria
Arantxa Ariztimuño Larrazaren kargua hartu du Aranburuk, Mendi eta Natura-Ondareko zuzendaria izatera pasa baita zegamarra, Koldobike Olabide Huelga legazpiarrak kargua utzi ondoren.
Joseba Aranburu.EAJ Ordiziako EAJk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, “pozik hartu du” Joseba Aranburu Ordiziako EAJko udal taldearen bozeramailea Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako zuzendari izendatu izana. “Izendapenak ardura eta aitortza dakartza bere ibilbide profesional eta politikoarentzat, baina, aldi berean, argi utzi nahi izan du ordiziarrekiko konpromisoa ez dela inondik inora gutxituko”. Aranburu Lazkaokoa da jaiotzez.
Joseba Aranbururen esanetan, “Ordiziaren eta ordiziarren aldeko lana ez dut albo batera utziko. Buru-belarri jarraituko dut herri hau hobetzen, beti egin dudan bezala”. Gainera, ardura berriak aukera emango dio Ordiziari ere “mesede egingo dioten ikuspegi eta lankidetza berriak irekitzeko”.
“Ordiziaren eta ordiziarren aldeko lana ez dut albo batera utziko. Buru-belarri jarraituko dut herri hau hobetzen, beti egin dudan bezala”
Joseba Aranburu. GFA Landa Garapeneko zuzendari berria
EAJk azpimarratu duenez, Aranbururen ardura berriak “badu lotura zuzena Ordiziaren ikur historiko eta ekonomikoetako batekin: azoka. Izan ere, Landa Garapenaren arloak lehen sektorea, nekazaritza eta ekoizleen sareak lantzen ditu, eta horien guztien erdigunean kokatzen da Ordizia”.
Arantxa Ariztimuño Larrazaren kargua hartu du Aranburuk, Mendi eta Natura-Ondareko zuzendaria izatera pasa baita zegamarra, Koldobike Olabide Huelga legazpiarrak kargua utzi ondoren.













