'Reziclonk' birziklatutako soinu instalazio aktiboa, larunbatean Ezkion
Goierri Garaia osatzen duten lau udalek, Ezkio-Itsasok, Legazpik, Urretxuk eta Zumarragak, bat egiten dute azaroaren 22tik 30era ospatuko den Hondakinen prebentziorako Europako astearekin. Ugassa, Urola Garaiko Garapen Agentziak hainbat ekintza antolatu ditu, larunbatean hasita, Turukutupa musikariekin elkarlanean.
Turukutupak bi eremu ezberdinetan sortu dituzte proiektu artistikoak, biak birziklapenarekin lotuta: bata, proposamen eszeniko ezberdinen bidez musika soinuekin egindako “birziklapen artistiko” proiektua da; bestea, zaborraren kudeaketa sortzailearekin zerikusia duten zenbait proiektu pedagogiko. Erabilitako materiala guztiak musika tresnak edota eszenografiak, birziklatutako materialekin eginda daude, zaborrari bigarren erabilera bat emateko eta honen bidez, kontsumo ohiturak berrikusi eta ingurumena zaintzeko beste ikuspuntu bat emateko helburuarekin.
Antolatutako lehendabiziko ekimena larunbat honetan izango da Ezkion: Reziclonk, birziklatutako soinu instalazio aktiboa, 17:30etik 19:30era Ezkioko frontoian. Berreskuratutako hondakin materialekin sortutako soinu instalazio bat da Reziclonk, eta “publikoa bera izango da materialaren aukeraketarekin esperimentatzen duena”, diote antolatzaileek. Zalntzazko erabilgarritasuna duten materialetatik abiatuta, obejtu bizigbaeen “parke tematiko” bat eraikiko dute, “bigarren aukera batean bizia hartzen dutenak”.
Bestalde, azaroaren 27an, osteguna, Legazpiko Laubide auzoan 19:30etatik 20:30etara eta azaroaren 28an, ostirala, Urretxu eta Zumarragan Areizaga Kalebarrenetik Zumarragako plazara bitartean, 19:30etatik 20:30etara ere, Rezikletas kaleko ikuskizun ibiltaria izango da. Bizi-karroetan muntatutako lau aktorek musika egingo dute eta erabilitako material akustiko guztia, objektuak eta hondakinak berrerabiltzetik eta birziklatzetik egindakoak dira. Eguraldi txarra egingo balu, bi ekitaldi hauek bertan behera geratuko direla aurreikusi dute antolatzaileek.
Ekimenaren bitartez, “kontsumoa murriztu, produktuak eta materialak berrerabili eta hondakinak birziklatzea” sustatu nahi dute parte hartzaileen artean.













