Beko karnizerie irabazle, Ormaiztegiko 38. Odolki lehiaketan
Deba Harategia gelditu da bigarren, eta Beasain Mendiko odolkiak hirugarren. Odolki osagaien lehiaketan eta sukaldaritza lehiaketan iazko berdinek irabazi dute: Juanita Murgiondok, Maria Jesus Oriak eta Jesus Lermak, hurrenez hurren.
Aurtengo irabazleak. Hotzaren etorrerarekin batera, hasi dira Ormaiztegiko San Andres jaiak. Gaurkoa Odolki eguna dute, eta 38. Odolki lehiaketa, 27. odolki osagaien lehiaketa eta plateren 23. sukaldaritza lehiaketa jokatu dituzte goizean. Zaldibiko Beko Karnizerieko odolkia izan da lehenengo postua eskuratu duena. Bigarren postua, berriz, herriko Deba Harategiarentzako izan da, eta hirugarrena Beasain Mendiko odolkientzat.
Bederatzietan azoka gastronomikoa eta bertako artisauen azoka ireki dituzte, Muxika egurastokian. Ondoren, gaurko ospakizunaren izarra den odolkiak hartu du protagonismoa. Lehenik eta behin, odolki osagaien lehiaketarako osagaiak 11:00etatik 12:00etara aurkeztu dituzte plazan: lau dozena porru, bost kilo tipula eta oreganoa eta tipula sortetan. Bi sari banatu dituzte, produktu onenari bat eta postu onenari bestea. Bietan, aurreko urteko izenak errepikatu dira: Mutiloako Juanita Murgiondorentzat izan da aurten ere porru, perrexil eta oregano onenaren saria eta Itsasoko Maria Jesus Oriarentzat Tipula eta posturik onenarenak.
Sukaldaritza lehiaketa ere jokatu dute. Aurkeztutako platerak Ormaiztegiko odolkia osagaien artean izatea derrigorrezkoa izan dute. Juan Jose Lapitz saria eman zaio plater onenaren jabeari; aurten ere Jesus Lerma izan da irabazlea. Etxeko txikienek ere izan dute egun honetan parte hartzeko aukera. 11:00etatik 13:00etara ‘Txiki-txef’ sukaldaritza tailerrak egin dituzte, 5-12 urte bitarteko haurrentzat eta familientzat. Sari banaketaren aurretik, odolkiaren osagarri, ardo dastaketa egin dute, Martin Callejoren omenezko VI.a.
Arratsaldean ere izango da zer egin. Haurrentzat eta gaztetxoentzat jolas parkea jarriko dute 16:00etatik 19:00etara Zubipe kiroldegian, eta 18:30ean Akustikaia taldeak kontzertua emango du, Gizarte Etxean.
Hurrengo asteburuan izango du jarraipena festak. Azaroaren 20tik abenduaren 1era San Andres festak ospatuko dituzte Ormaiztegin.













