Amiantoaren eraginez hildako legazpiar baten familiak 279.220 euroko kalte ordaina jasoko du
Eibarko Gizarte Gaietako Epaitegiak hartu du erabakia, Patrizio Etxeberriaren lantegian lan egin zuen garaian beharrezko prebentzio neurriak ez zituztela hartu iritzita. Enpresa haren ondorengoak diren Sidenor eta CIE Legazpik ordaindu beharko dute. COELen lan egindako gizonezko baten alargunari gaixotasun profesionalaren ondoriozko hobekuntzak onartu dizkio pentsioan Gizarte Segurantzak.
Legazpiko Sidenor lantegia, 2009an. Amiantoak eragindako minbiziagatik 2006an hil zen pertsona baten familiak Legazpiko garai bateko Patrizio Etxeberriaren lantegiaren ondorengoak diren Sidenor eta CIE Legazpi enpresei eskatutako 279.220,27 euroko kalte ordainari baiezkoa eman dio Eibarko Gizarte Gaietako Epaitegiak. Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen elkarteak eman du sententziaren berri, eta zehaztu du 118.606,67 euro alargunarentzat izango direla, eta alaba batentzat 98.838,87 euro eta bestearentzat 61.774,29 euro. Lantegian ez zituztela prebentzio neurriak hartu argudiatu du epaitegiak.
Asviamieren arabera, biriketako minbiziaren ondorioz hil zen langileak putzuzain gisa lan egin zuen Patrizio Etxeberriaren lantegian eta haren ondorengoa zen GSB Altzairutegian, 1977tik 2005era bitartean. Osalan erakundeak 2024an egindako txosten batean jaso zuenez, enpresan amiantoarekin kontaktuan lan egin izanak eraginda egon zitekeen langilearen heriotza. 2025ean, lan gaixotasunagatiko hobekuntzak onartu zizkion pentsioan Gizarte Segurantzak alargunari.
Sententzia honekin “pozik” geratu da Asviamie, “argi eta garbi adierazten duelako enpresaren ardura”. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, “enpresetako Prebentzio Planetan jasota dauden gai kantzerigenoen lan arrisku larrien aurrean ezikusiarena egiteak edo ahazteak heriotza asko eta sufrimendu galanta dakartza. Orain, enpresek ordaindu egin behar dute eragindako kalteengatik, eta prebentzio neurri zorrotzak aplikatu”.
COELeko langile ohi bati aitortza
Legazpiko beste enpresa batean lan egindako eta amiantoak eragindako minbiziagatik hildako gizonezko baten inguruko beste epai baten berri ere eman du Asviamiek. Gizonezkoa Oñatikoa zen, baina dagoeneko desagertuta dagoen Legazpiko COEL enpresan lan egiten zuen, eta 2012an hil zen, 58 urte zituela.
Kasu honetan, Gizarte Segurantzak gaixotasun profesionalaren ondorioz hil zela aitortu dio, COELen soldatzaile gisa lan egin zuenean amiantoa eta beste partikula toxiko batzuk arnasteagatik biriketako minbizia garatu zuela probatutzat emanda. Osalanek aurten sartu du amiantoak eraginda hildakoen zerrendan, eta orain alargunari lan gaixotasunagatiko hobekuntzak onartu dizkio pentsioan Gizarte Segurantzak. Gainera, COEL 2000an itxi zutenez, Estatuko gobernuak amiantoren biktimentzako kalte ordainen gaia desblokeatzearen zain geratzen da, Konpentsaio Fondotik 64.414,16 euro kobratu ahal izateko.













