Iratzarriren eta Unai Perez Iantzi sukaldariaren proposamenak Gabonetako otorduetarako
Sukaldaritza saio laburrak ari dira eskaintzen aste honetan. 80tik gora herritarrek eman dute izena.
Unai Perez Yanci eta Karlos Peñagarikano, atzoko saioan.Tere Madinabeitia Iratzarri emakume elkartea Gabonei begira jarri da, eta aste honetan egun seinalatu horietarako menu bat nola prestatu erakusten ari da Unai Perez Yanci sukaldari legazpiarraren eskutik. Hiru orduko ikastaro labur bat da, eta lau saio antolatu behar izan dituzte, 80tik gora pertsonak eman dutelako izena.
Atzo egin zuten lehen saioa, gaur izango da bigarrena, eta falta direnak, bihar eta etzi izango dira. Iratzarriren egoitzako sukaldean ari dira egiten ikastaroak.
Benedictine arrautzak, legatz errea pikilo piperren saltsa gainean eta porru kurruskariarekin, eta bi txokolatezko mousea prestatu zituen sukaldariak, Karlos Peñagarikano laguntzaile zuela. Plater guztiak dastatzeko eman zizkieten gero ikastaroko partaideei.
Unai Perez Iantzik (Legazpi, 1987) Donostiako CEBANC sukaldaritza eskolan ikasi zuen, lehenengo gozogintza, eta gero sukaldaritza. Tolosako Frontoian egin zituen praktikak gero, Roberto Ruiz sukaldariaren aginduetara. Ondoren, jatetxetik jatetxera ibili da lanean, besteak beste Legazpiko Latxartegin. Horretan sukaldari buru izan zen, eta Peñagarikanok pintxe moduan lan egin zuen berarekin. Azken aldian adinduen egoitzetan dabil lanean, eta Legazpikotik, Zumarragako Argixaotik eta Arrasateko Aita Menitik igaro eta gero, gaur egun San Juan de Dios zentroko sukaldaria da, Arrasaten bertan.
Iratzarriren ikastaro berezi hau antolatzeko deia urduritasunarekin eta ardurarekin jaso zuela aitortu zuten bai sukaldariak bai pintxeak asteleheneko saioa amaitzean. “Baina dena oso ondo atera da, eta gustura” geratu ziren biak.














