«Jendearentzako kezka iturri handia izan da klima»
Euskaldunek klimarekin izan duten hartu-emana da Jose Antonio Azpiazu legazpiarraren azken liburuaren gaia. Burdinola elkarteak gonbidatuta, lan horri buruz hitz egingo du gaur Kultur Etxean.
Jose Antonio Azpiazu, klimari buruzko liburuarekin.Goiena Komunikazio Taldea Burdinola elkarteak Jose Antonio Azpiazu (Legazpi, 1944) historialaria eta ikerlaria gonbidatu du gaur bere azken liburuari buruz hitz egiteko. Euskaldunak eta klima izango dira gai nagusia, eta hitzordua, 19:00etan, Kultur Etxean.
Zein da idatzi duzun azken liburu hori?
El combate por el control del clima. Mitos y creencias populares vascas du izenburu. Gazteleraz dago, eta gaur egingo dudan hitzaldia ere gazteleraz izango da.
Zer jaso duzu bertan?
Bi zatitan dago banatuta. Liburuan kontatzen dut euskaldunen borroka edo ahalegina klima kontrolatzeko, eta lehenik, Euskal Herrian gertaturiko fenomeno atmosferikoek eragindako kalteak jaso ditut. Bigarren zatian kontrol hori lortzeko jendeak eta erlijioak eta apaizek erabiltzen zituzten bitartekoak edo metodoak jaso ditut, sineskeriak horien artean.
Nolatan aukeratu duzu gai hori?
Beste gai batzuk landu ditut aurretik, esklaboak, emakumeak, lihoa, kortsarioak, balearen arrantza… eta orain, klima. Zergatik? Artxiboetako dokumentazioa arakatzean oso presente dagoen gaia dela ikusi dudalako. Antzinako jendearen kezka iturri handia zen.
Kezka iturri, zergatik?
Orduan nekazaritzatik, abeltzaintzatik eta basotik bizi ziren gehienak, eta eguraldi txarrak kalteak eragin zitzakeen. Euri gehiegi egitea, lehortea, tximista batek eragindako sutea… garai hartako bizimodua galtzeko arriskua ziren.
Nondik jaso duzu informazioa?
Nire bizitzan zehar kontsultatu ditudan artxibategietan. Udal askotan ibilia naiz, baita protokoloen artxibategietan ere, hau da, herritarren negozioak, salerosketak, ezkontzak eta horrelako gaiak jasotzen dituzten artxibategietan. Eta askotan joan izan naiz Valladolidera, hor dagoelako jasota gure historiaren zatirik handiena. Bereziki Kantzelaritzarena aztertu dut. Artxibategi horietan aztertu ditudan dokumentuetan askotan agertzen den gaia da klimarena, eta ikusten da gainera garrantzitsua zela garai haietako jendearentzat. Gai interesgarria iruditu zait.
«Euri gehiegi egitea, lehortea, tximista batek eragindako sutea… garai hartako bizimodua galtzeko arriskua ziren»
Zein garai aztertu duzu?
Gehien landu dudana Aro Modernoa izan da, XVI. eta XVII. mendeak, baina dokumentazio asko ikusi dut baita ere XVIII. eta XIX. mendeetan. Gure garaira hurbilduta, landa lana ere egin dut, eta jendeari galdezka ibili naiz, XX. mendearen erdialdean klima nola ikusten zuten jakiteko.
Jendea beti zeruari begira bizi izan dela esan duzu hainbatetan.
Gaur ere bai! Zeruari begira gaude, etxetik irteeran aterkia hartzeko edo ez. Baina lehen beste zentzu bat zeukan horrek, zeruak zekarrena oso garrantzitsua zelako jendearen bizimodurako.
Eta zer ekartzen zuen zeruak?
Hondamendi batzuk jaso ditut liburuan. 1956an, adibidez, lehorte eta izozte handi batek uztak eta pinuak erre zituen. Itsasoan ere bazuen bere garrantzia klimak, eta dokumentuetan arrantzaleak Ternuara joaten zirenean hango hotzari buruzko aipamenak jaso ditut. Elurrak ere izan du eragina euskaldunon bizitzan, eta besteak beste, Gaztelatik zetorren antzinako autobidea deritzana, behin baino gehiagotan egoten zen itxita San Adrian pasabidean. Eta iaz Valentzian gertutako danaren antzeko zerbait ere izan zen hemen, 1593 inguruan. Orduan ere, euri jasa galanten ondorioz Arabatik zetozen bideak suntsitu ziren, zubiak erori egin ziren, errotak desagertu ziren, abereak eraman zituen urak…
Eta zein zen herritarren jarrera klimaren aurrean?
Garai hartako jendea oso sinestuna zen, eta klerora jotzen zuen klimaren gaietarako. Eta kleroak, naturaren elementuak kontrolatzeko bedeinkapenak, prozesioak, errituak, errogatibak eta exorzismoak eskaintzen zituen, besteak beste. Elizatik kanpo aztietara ere jotzen zuten. Egia esan, sineskeriaz beteta bizi ziren, eta horietako batzuek gaur egunera arte iraun dute.













