Legorretako Udalaren Azaroaren 25eko Adierazpena
Legorretako Udalak bat egiten du Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin. Gaur herrian egingo diren mobilizazioekin bat egin dezaten dei egin die. Adierazpena ere onartu dute
Legorretako udaletxea.Legorretako Udala. Legorretako Udalak bat egiten du Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin. Gaur herrian egingo diren mobilizazioekin bat egin dezaten dei egin die. Adierazpena ere onartu dute. Ondorengoa dio hitzez hitz:
“Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu Indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-
egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.
Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.
Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Horregatik, Legorretako Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
• Hurbiltasun-sare lokalak indartu: topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteak bizirik mantendu, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko eta pertsona guztiak, bereziki emakume eta neska zaurgarriak, konektatzeko.
• Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
• Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, sexuen arteko harreman osasungarriak sustatzeko, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, eta kode misoginoak hausteko bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
• Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
• Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko”.













