Goierriko 29 Botika Solidarioen ekarpena
Goierriko Caritasek urtarrilean jarri zuen martxan Botika Solidario egitasmoa. 2024an Goierriko 604 familia artatu zituen Goierriko Caritasek.
Legorretako farmazia.Caritas Goierri. Urtarrilean Goierriko Caritasek martxan jarritako Botika Solidarioa proiektuarekin bat egin dute Goierriko hamabost herritako 29 farmaziak. Caritas Goierriko kideek jakinarazi dutenez, bertan jarri dituzten kutxatxoetan bildutako dirua «erakundeak lagundutako pertsonentzako botikak erostera» bideratuko dute.
Caritasen ustez «oso ekimen interesgarria» da Botika Solidarioarena. Batetik, zaurgarritasun egoeran edo arriskuan dauden pertsonei laguntzeaz gain, «osasuna eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzen» dituelako, eta, bestetik, «gizarte-justiziaren aldeko lanari eragile berriak gehitzen dizkiolako eta, gainera, erakundearen lana ikusarazten laguntzen duelako».
Esker ona
Goierriko Caritasek esker ona adierazi nahi die Botika Solidarioen proiektuan parte hartu duten farmazia guztiei, eta dohaintza ekonomikoa egin duten guztiei. Eukene Lekuona diseinatzaile grafiko ordiziarraren ekarpena ere eskertu dute, «kanpainaren kartela eta logotipoa modu altruistan diseinatu baititu», eta baita Beasaingo Eguzki inprimategiarena eta Ordiziako Argazkiarena ere, «kartelak inprimatzen lagundu baitute».
Urteko memoria
Goierriko Caritasek proiektu gehiago ere baditu esku artean. 2024ko memoriari erreparatuz, Goierriko 604 familia artatu zituzten; guztira, 1.515 pertsona onuradun izan ziren. Horietatik %57 emakumezko eta %43 gizonezko. Adinari dagokionean, 44 urtetik beherakoak izan ziren %74. Familientzako zuzeneko diru laguntzetan, 51.994 euro bideratu zituzten familia horietara: %63 etxebizitzarekin zerikusia duten gastuak finantzatzeko eta %19 oinarrizko behar materialak asetzeko. Hori guztia posible izan zen Goierriko 97 boluntarioei esker, eta goierritarrek era batera edo bestera egindako diru ekarpenei esker.

Idiazabalgo farmazia.Caritas Goierri.













