Juanastegi eta Azpikoetxe asfaltatzeko lanak hasiko dira gaur
Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu, udalak eskatuta. Hiru egunetan amaitu beharko dute obra bi eremuetan.
Azpikoetxe kalea.Legazpiko Udala Legazpiko Udalak gaur ditu hasteko Juanastegi kaleko eta Azpikoetxe kaleko asfaltatze lanak. Bi guneetako lanak Asfaltos Urretxu S.L. enpresak egingo ditu, eta hiru egunetako iraupena izango dute gehienez.
Obrek irauten duten bitartean, bi bideak itxita egongo dira ibilgailuentzat. Herritarrek eragozpenak jasango dituztela eta, «pazientzia» izateko eskatu die udalak, eta gogorarazi die «jarduketa horri esker nabarmen hobetuko direla Juanastegi kaleko eta Azpikoetxe kaleko bideen baldintzak».
Lanak eta aurrekontuak
Juanastegiko asfaltatze lanak bi igogailuen arteko zebra bidetik hasiko dira, eta kaleko lehen zenbakiko atariraino iritsiko dira, hau da, Itxaropen auzoko mugaraino. Guztira, ehun metroko luzerako tartea da. Aparkalekuak barne hartuta, gutxi gorabehera 600 metro koadroko azalera da. Lanen aurrekontua 27.146,35 eurokoa da, BEZ barne.
Bestalde, Azpikoetxeko asfaltatzea Urola ibaiaren gaineko zubiaren inguruan egingo da, eta eremu horretan dauden industria pabiloien amaieraraino iritsiko da. Guztira, 40 bat metro luze izango dira, eta 240 metro koadro inguruko azalera hartuko dute. Aurrekontua 11.625,68 eurokoa da, BEZ barne.
Bi guneetan, orain dagoen zorua fresatu eta gero, sei zentimetroko lodierako asfalto geruza bota dute gainean. Juanastegi kalean, gainera, bertan dauden aparkalekuak margotu egingo dituzte, eta seinale horizontalak ere jarriko dituzte.













