Kuia eta babarruna, negu girorako jaki aproposak
Hegaztien gripeak ferian saltzen diren arrautzen prezioan eragina izan ote duen kezkatuta dabiltza erosleak.
Negurako oraindik aste batzuk falta dira, baina ia udazkenik izan ez den urte honetan bat batean sartu da urtaro horretako giroa. Gaur goizean hotz eta euria egiteaz gain, aurreko ostiraleko elur kontuak izan dira hizpide azokan, baina horrelako egunetarako jaki aproposak badituela salgai erakutsi die erosleei.
Negurako jaki horietako bat babarruna da. Beltza aspaldi aurkeztu zuten, eta kiloa 18 euroan, ondo ari dela saltzen diote ekoizleek. Baina zuria ere badago, ale txikikoa, eta Patxi Arizmendi aramarrak du salgai, kiloa 13 euroan. Arizmendik garbantzuak ere baditu, ale txikikoak horiek ere, baina ez dira Aramakoak, Arabako Mezkia herrikoak baizik; kiloa 4 euroan du salgai.
Kuia ere neguko otorduetarako egokia izaten da. Ordiziako ferian mota desberdinak dituzte salgai, eta aukera zabalena Maria Jesus Oriren postuan izan da gaur. Orain arte ikusitako tronpeta eta potimarron motakoez gain, euskal kalabaza eta kalabaza kataluniarra deiturikoa ere baditu Itsasokoak. Guztiak kiloa 3 euroan ditu salgai.
Perretxikoak, aldiz, udazkenekoak omen dira gehiago negukoak baino. Gaurko eskaintza zabala izan da, eta perretxiko berri bat aurkeztu dute, gainera: marasmio jangarria. Barcinak zituen 4 kilo, kiloa 19 euroan. Bestela, hau izan da eskaintza osoa: 135 kilo onddo (18-38 euro), 15na kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (26 euro), 6 kilo gorringo (38 euro), 3 kilo ziza hori (25 euro), eta 5 kilo boilur (unitatea, 10 eurotik gora).
Produktu berri bat gehiago ere aipatu behar da, oraindik gutxi badago ere: poinsetia edo pazko lorea. 8 euroan ditu salgai Iñaki Azanzak denboraldiko lehenak, eta Gabonak gerturatzen hasi direla gogoratu dute.
Arrautzen prezioa
Eguraldiaz gain, arrautzen prezioa ere hizpide izan da gaurko ferian. Hegazti gripearen eraginez prezioa igo egin ote duten galdezka aritu zaizkie asko saltzaileei, eta denetariko erantzunak eman dizkiete horiek, batzuk baietz, beste batzuk ezetz. Baserriko oiloen arrautza dozena 4 eta 5 euro artean dago oraintxe.
Patxi Atienzaren postuan, aldiz, prezioa igota dute XL (4 euro), L (3,70 euro) eta M (3) neurrikoek, eta prezio berarekin jarraitzen dute lurrekoek edo «campero» izenez ezagutzen direnek: L eta M 3,9 euroan, eta XL neurrikoa 4,4 euroan.
Bisita ugari, eta giro berezia
Gaurko feria berezia izan dela ere esan behar da, Euskal Herrik odolki txapelketa jokatu delako Plaza Nagusi pare-parean, udaletxe azpialdean. Ordizia bertako Mujika harategia izendatu dute epaileek txapeldun, eta horiek lanean jardun duten bitartean, odolki pintxoak dastatzeko aukera izan dute inguratu diren guztiek.
Odolki pintxoa dastatu dutenen artean, Almeriako ekoizle talde bateko kideak izan dira, Ordiziako feria ezagutzen ari zirela baliatuta. Asko gustatu zaiela esan dute.
Ez dira horiek izan eguneko bisitari bakarrak, D’elikatuz zentroko gidariek beste bi talde ere izan dituztelako: Irungo Dunboa ikastetxeko ikasleak, eta Donostiako Eragin elkarteko kideak.














