Mujika harategia, Euskal Herriko eta Gipuzkoako odolki txapelduna
Bigarrena, puntu erdiko aldearekin, Beasaingo Olano harategia geratu da. Hirugarrena, berriz, Gernikako Jesus Mari Martija.
Mujika harategiko Javier Mujika Lasa txapelarekin.Loinaz Agirre. Ordiziako Azokaren barruan, udaletxeko arkupeetan, lehenengo Euskal Herriko eta 26. Gipuzkoako odolki txapelketa jokatu da. Hamalau odolki ekoizlek parte hartu dute eta finalera, bost iritsi dira. Bigarren dastaketaren ondoren, honela geratu da sailkapena.
- Ordiziako eta Beasaingo Mujika harategia. 191,5 puntu.
- Beasaingo Olano harategia. 191 puntu.
- Gernikako Jesus Mari Martija. 167,5 puntu.
- Asteasuko Javier Iraola. 149,5 puntu.
- Tolosako Muñagorri harategia. 145 puntu.
Javier Mujika Lasa harakina pozik joan da saria jasotzera, harategi ondoan duen udaletxeko arkupeetara. Hantxe topo egin du Beasaingo Olano harategiko Jose Manuel Olano beasaindarrarekin. Elkar zoriondu eta lehiaketara zer nolako odolkia aurkeztu duen aipatu du Mujikak: “Harategian saltzen ditugun odolkiak txekorraren hestearekin egiten ditugu, gogorragoa delako. Lehiaketarako txorixo hestearekin egitea pentsatu genuen, baina ez nuen egokia ikusten eta azkenean, betikoa, dendan saltzen duguna aurkeztuko dugu. Jendeak erosten duen odolkiak irabazi du”.
Betiko eran egiten dutela diote: “Juan Ignazio anai zaharrenak, Maite arrebak, Elena koinatak eta lauok erabaki genuen odolkiak egiteari ez uztea. Orduan, bi arratsaldeetan harategiak itxi egiten ditugu. Denbora behar da odolkia egiteko. Ekoizle txikiak bagaude, denok desberdinak egiten ditugu eta polita da aukera hori edukitzea”.
Herrian bertan, jaso ditu Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapela.
Epaimahaikideak
Epaimahaia ondorengoek osatu dute: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Iñaki Telleria (Kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Aritz Ansola (Sansonategi Jatetxea, Hernani– Jakitea), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain) eta Aizpea Oihaneder (Mahaia kolektiboa) sukaldariek, Juanma Garmendiak (Fecoga), Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (El Diario Vasco) kazetariek eta Paloma Enriquezek (Cebanc ostalaritza eskolako zuzendaria).
Aurten Euskal Herriko txapelketa izaki, Gipuzkoako odolkiez gain, Nafarroako 1 eta Bizkaiko hiru ere aurkeztu dituzte lehiaketara. Epaimahaikideek ez dute herrialdeen arteko desberdintasunik nabaritu, Zaldibiako Lazkaotxe jatetxeko Eneko Azurmendik jakinarazi duenez, “gaur egun, teknika, elaborazioa, berdintsua” izaten baita guztietan.
Odolkia dastatzeko
Lehiaketa martxan dagoen bitartean, herriko Oianguren ikastetxeko ikasleek odolki pintxoak saldu dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dituzte.













