Berritasunekin dator Ordiziako San Silvestrea
Lauko taldeetan parte hartzeko aukera izango da. Abenduaren 31n jokatuko da Ordiziako kaleetan. Izena eman behar da aurretik.
Ordiziako San Silvestrearen aurkezpena egin dute.Loinaz Agirre. Ohi bezala, urtea korrika amaituko dute Ordizian, abenduaren 31n, Txato Caballeroren omenezko 48. San Silvestre proba herrikoia jokatuko baita, 18:30ean. 6.100 metroko ibilbidea da, Plaza Nagusian hasi eta bukatuko dena. Goierrin, azkena jokatuko den proba izango da.
Aurten berritasun bat izango da, kuadrillen artean pizgarri bat sortu nahian: kuadrillen arteko txapelketa ere egingo dutela. Lau lagunekoak izango dira taldeak (mutilak, neskak eta mistoa) osatzea da baldintza. 14 urtetiko gorakoek har dezakete parte.
Kide bakoitzak sailkapenean egindako postuak batu eta puntu gutxien lortzen duena izango da irabazlea eta maila bakoitzeko lau lagunentzako afariak izango dira opari. www.kronoak.com webgunean egin behar da izen ematea. Taldeko kide batek egin ahal izango du gainerako hiru kideen inskripzioa ere. Dohainik da izen-ematea. Abenduaren 30ean, 24:00etan amaituko da. Egunean bertan ezingo da izenik eman.
Banakako sailkapenari dagokionetan, ondorengo sariak banatuko dira: kadete emakumezko eta gizonezko; senior emakumezko eta gizonezko; eta beterano emakumezko eta gizonezko.
Haurrena
Helduen lasterketa hasi aurretik, 17:30etik aurrera, haurren probak izango dira. 17:30ean hasita, mailaz maila, 2018an jaiotakoekin hasi eta 2013ra artekoenak egingo dira.
Korrikalari guztiek, domina bana
Korrikalari guztiek domina bana jasoko dute opari. Jakintza eta Urdaneta ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako laugarren mailako haurren artean egindako lehiaketan aukeratu da dominarako irudia duena; Luken Huxfordena, plazari erreferentzia egiten diona. Garaguneko kideek landyardak jarriko dituzte dominetan.
Palestina gogoan
Azkenik, Palestinaren aurkako genozidioaren harira, Jakintza Ikastolako lehenengo batxilergoko ikasleek kamiseta bereziak sortu dituzte, UNRWA erakundearekin elkarlanean. Kamisetak 15 euroan salduko dituzte sare sozialen bidez jakinaraziko dituzten tokietan. Jakintzakoen nahia da, San Silvestre proban korrikalariak ‘Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik. Palestina aske eta bizirik’ mezua daraman kamisetarekin korrika egitea Palestinako egoera ikusarazteko, eta kamisetekin eskuratutako dirua Palestinara bidaltzeko.













