Biodonostiari entregatu diote Legazpiko Katxalin egunean bildutako dirua
Uztailaren 3an ospatu zen festa giroan, herriko hainbat musikari eta elkarteren laguntzarekin. Dirua minbiziaren ikerketarako izango da.
Legazpiko Katxalin elkarteak 2.000 euroko txekea entregatu dio Biodonostia zentroari, minbiziaren inguruko ikerketa proiektuetan erabiltzeko. Uztailaren 3an ospatu zen Katxalin egunean bildutako dirua da hori.
Katxalin egun hartan ehunka pertsona hurbildu ziren bularreko minbiziaren eta minbizia ginekologikoaren ikerketan laguntzeko, eta eta Katxalin elkarteak kaltetutako emakumeekin eta haien familiekin egiten duen lana babesteko. Herriko hainbat musikarik eta elkartek parte hartu zuten festa giroan ospatutako egunean, eta Katxalinek eskerrak ematen dizkie guztiei, baita tokiko saltokiei, boluntarioei eta laguntza ekonomikoa eta logistikoa eman zuten erakunde guztiei ere. “Erantzun sozialak agerian uzten du udalerriak elkartasunarekin duen konpromisoa, eta minbiziaren aurkako borrokan elkarrekin urratsak ematen jarraitzearen garrantzia”.
Katxalinek, gainera, antolatzen dituen ekimen solidarioetan parte hartzeko deia egin du, eta gogorarazi du “keinu bakoitzak ikerketan aurrera egiteko eta kaltetuen bizi-kalitatea hobetzeko balio duela”.













