Carlos Pintok garaipena lortu du beteranoetan, urte osoan egindako lasterketa bakarrean
Nafarroan lehiatu da, EasyRace txapelketako lasterketan. Errepideko motor batekin parte hartu du.
Carlos Pinto legazpiarrak denboraldi honetan afizionatuen moto lasterketatan ez lehiatzea erabaki zuen, aurreko urteetan erabilitako motorra eta ekipo guztia erretiratu ondoren. Baina lehiaren gogoak gainditu egin zuen azkenik, eta EasyRace txapelketako azken lasterketan parte hartu zuen duela ia bi aste, Nafarroako Los Arcosen, eta emaitza oso onak lortu zituen, gainera. Izan ere, bosgarren egin zuen sailkapen orokorrean, eta lehena izan zen beteranoen kategorian.
Emaitza hauekin “oso pozik” geratu zen Pinto, batez ere serieko KTM Naked baten gainean egin zuelako lasterketa, eta lehiarako prestatutako motorren aurka ibili zelako. “Motor hau errepiderako erabiltzen dut bakarrik. Asko pisatzen du, eta geldirik dagoela ere mugitzea nahiko zaila da. Beraz, oso gustura nago aurten egin dudan lasterketa bakarrean askoz ere prestatuago dauden motorren pare ibili naizelako, eta lortu ditudan emaitza onekin”.














