Hondakinen prebentziorako egunak dira Goierri garaian
Europako astearekin bat egin dute lau udalerriek. Uggasak hiru ekitaldi antolatu ditu, Turukutupa musika eta antzerki taldearekin. Gaur eta bihar ‘Rezikletaz’ ikuskizuna eskainiko dute, eta igandean ‘Reciclonk’.
Goierri garaian gaur abiatuko dira azkenik hondakinen prebentziorako egunak. Azaroaren 22tik 30era bitartean Europa osoan ospatzen ari den astearekin bat egin dute lau herriek, eta Uggasa Urola Garaiko Garapen Agentziak hainbat ekintza antolatu ditu horren barruan. Egitaraua gaur bertan estreinatuko dute Legazpin, aurreko asteburuan Ezkion egitekoa zen ikuskizuna eguraldi txarragatik atzeratu eta gero.
Turukutupa musikariekin elkarlanean egingo dira ekintzak. Birziklatutako objektuekin eta elementuekin osatu dituzten proiektu artistikoak ekarriko dituzte Goierri garaira. Talde honek musika eta pedagogia uztartzen ditu bere ikuskizunetan, betiere hondakinarekin eta birziklapenarekin lotuta. Hala, ikuskizun horietan erabilitako elementu guztiak, musika tresnak edota eszenografiak, birziklatutako materialekin eginda daude.
Gauzen bigarren erabilera
Zaborrari bigarren erabilera bat ematen diote horrela, eta honen bidez, kontsumo ohiturak berrikusi eta ingurumena zaintzeko beste ikuspuntu bat ematen diote publikoari.
Horietako bi ikuskizun eskainiko ditu Turukutupa taldeak Goierri garaian. Uggasak animatu egiten ditu herritarrak hurbiltzera, eta ikusi eta harritu daitezela hondakinei bigarren erabilera bat emateko sor daitekeen guztiarekin. Aldi berean, hondakinen prebentziorako egun hauen helburuarekin bat eginez, kontsumoa murriztu, produktuak eta materialak berrerabili eta hondakinak birziklatu egin behar direla gogoratu du.
Bi ikuskizun
Rezikletaz lanarekin hasiko du Goierri garaiko bira Turukutupa musika eta antzerki taldeak. Lehen hitzordua gaur izango da Legazpin, Laubideko kale nagusian, 19:30etik 20:30era. Bihar, Urretxu eta Zumarragan izango dira, Areizaga-Kalebarrenetik Zumarragako plazara bitartean, hori ere 19:30etik 20:30era. Rezikletaz kaleko ikuskizun ibiltaria da, eta bizikleta-karroetan muntatutako lau aktore musikari dira protagonistak. Musikari hauek jotzen duten material akustiko guztia objektuak eta hondakinak berrerabiliz eta birziklatuz sortutakoa da.
Bigarren ikuskizuna Reziclonk da, eta Ezkion eskainiko dute igandean, pilotalekuan, 17:30etik 19:30era. Reziclonk birziklatutako soinu instalazio aktiboa da, berreskuratutako hondakin materialekin sortutakoa, eta bertan, publikoak materialaren aukeraketarekin esperimentatuko du.
Zalantzazko erabilgarritasuna duten materialetatik abiatuta, objektu bizigabeen «parke tematiko» bat eraikiko dute, eta «objektu horiei bigarren aukera emanda, bizia hartuko dute berriz ere». Ikuskizun hau joan den astean eguraldi txarraren ondorioz bertan behera utzi behar izan zutena da.













