Legazpiko hiru judoka Euskadiko junior mailako txapelketarako sailkatu dira
Anderson Rosario, Endika Perez de Arenaza eta Alfredo Suarez dira. Txapelketa abenduaren 14an jokatuko da, Erandion. Madrilen, Adriana Real infantilak brontzea irabazi du Getafen jokatutako Espainiako Kopan.
Gipuzkoako Junior txapelketan dominak irabazitako hiru judokak.Judo Legazpi Legazpi Judo klubeko Anderson Rosario, Endika Perez de Arenaza eta Alfredo Suarez Euskadiko junior txapelketarako sailkatu dira, asteburu honetan jokatutako Gipuzkoako txapelketan domina bana irabazi eta gero. Euskadiko hitzordua abenduaren 14an izango da, Erandion (Bizkaia).
Urnietako kiroldegian jokatu zen Gipuzkoako txapelketa igande goizean, eta Anderson Rosariok urrea irabazi zuen -90 kiloko kategorian, Alfredo Suarezek zilarra, eta Endika Perez de Arenazak brontzea -81 kiloko kategorian. Unax Larrazak, berriz, ezin izan zuen parte hartu.
Nabarmentzekoa da Suarezen bigarren postua, klubeko arduradunen hitzetan “ahalegin izugarria eginda” lortu zuelako, eta oraindik kadete mailako hirugarren urtean dagoelako. Gainera, Madrilen jokatutako Espainiako Kadete Kopan partu ondoren iritsi berritan lehiatu zen.
Getafeko Kopak
Getafen jokatu zen Espainiako Kadete Kopa hori larunbatean, eta Suarezekin batera, sei legazpiar izan ziren lehian han. “Ez zen gure txapelketarik onena izan”, aitortu dute Legazpiko klubekoek, “Alfredo izan ezik, lau borroka egin zituelako, gainerakoak lehen edo bigarren txandan kanpo geratu ziren”. Suarez final-laurdenetara iritsi zen, “baina ezin izan zuen aurrera egin, eta errepeskan egindako kalkulu-akats batek kanpoan utzi zuen”.
Hurrengo egunean, Infantil Superkoparen eguna izan zen, eta horretan ere izan ziren legazpiarrak: Adriana Real, Ibone Betolaza eta Andoni Suarez. “Andoni hirugarren txandan lesionatuta geratu zen, eta ezin izan zuen jarraitu. Ibonek ez zuen bere lana behar bezala gauzatu, hasieratik estrategikoki gaizki planteatutako txapelketa baten ondorioz, eta zazpigarren postuan amaitu zuen”. Baina Adrianak, “beste behin ere”, brontzea irabazi zuen.
Judo Legazpik Oier Gilek eta Marcos Calvok egindako borrokak ere nabarmendu ditu: “Biak garaipenaren mailakoak izan ziren, nahiz eta zorteak ez zigun lagundu oraingoan”.
Amaitzeko, zorionak luzatu dizkie judoka guztiei, “tatamian erakutsitako ahaleginarengatik, konpromisoarengatik eta jarreragatik!”.













