Asteburu koloretsuena
San Andres jaien azkeneko txanpa izango da asteburu honetan ormaiztegiarrentzat. Danborradak, Mozorrotuen eguna eta San Andres eguneko ohiko egitaraua, azpimarratzekoak.
‘Autotxokez’ mozorrotutako kuadrilla bat, iazko San Andres jaietan. Laida Goiburu Aurrekoa ormaiztegiarren astebururik eleganteena izan bazen, datorren hau urteko koloretsuena izango da. Dena prest dute Ormaiztegin San Andres jaien azkeneko asteburuari heltzeko, helduen eta haurren danborradak eta mozorrotuen egunak emango diete kolorea jaietako azken egunei. Aurten, zaindariaren egunarekin amaituko dituzte jaiak, igandean ohiko egitarauarekin.
Ponietan ibiltzeko aukera eta barraketan prezio bereziak izango dituzte gaur Ormaiztegiko haurrek. Arratsaldean Secundino Esnaola musika eskolakoak arduratuko dira musika jartzeaz eta ondoren, helduen danborradak girotuko ditu Ormaiztegiko kaleak. 19:00etan azkeneko entsegua egin ondotik, 20:00etan aterako da danborrada Zubipetik plazarainoko ibilbidea egiteko. Aurten, 80 bat herritarrek hartuko dute parte, «kupel eta danbor konpainietan» banatuta. Nahiz eta urte askoan etena izan, aspaldiko ohitura da Ormaiztegin danborrada egitearena. Berreskuratu zenetik, aurtengoa egiten den 17.ena izango dela zehaztu du Meli Caballero antolatzaileak. Bide batez, zuzendariek egiten duten alan goraipatu du, «egiten duten lanagatik ez balitz ez litzateke danborradarik egongo», gaineratu du.
120 haur danborradan
Haurren danborrada igande eguerdian izango da, San Andres herri eskolako guraso elkarteak antolatuta. HH2 urtetik hasi eta LH 6. mailara arteko 130 bat haur eta gaztek hartuko dute parte, guraso elkarteko Irene Sagarnak baieztatu duenez. Herrian zehar kalejiran aterako dira, baina eguraldi txarrarekin Zubipera eramango dute ikuskizuna.
Larunbata mozorrotuen eguna izango da. Lehiaketan parte hartu nahi duten kuadrillek 12:30ean plazan agertu beharko dute. Kalejira eta bazkariaren ostean egingo dute sari banaketa, gero Zubipen.
Jaien amaiera
Aurten San Andres egunarekin amaituko dira festak. Txistularien kalejirarekin hasiko dute eguna eta ondoren, meza nagusia izango da Urmaiz abesbatzaren ohiko emanaldiarekin. Gero, hamaiketako herrikoia egingo dute udalak eskainita eta Barduliarrak elkartearen laguntzarekin. San Andres eguneko beste klasikoetako bat izan ohi da herri kirol jaialdia. Bustintza Tubi lasto jasotzen arituko da, Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Jokin Eizmendi harri jasotzen eta Xabier Zasldua eta Arkaitz Etxebeste aizkoran.
Haurrentzako egurrezko jolas erraldoiak jarriko dituzte arratsaldean Zubipen 16:00etatik aurrera. 17:30ean etena izango dute, Goruntz dantza taldearen emanaldia dela eta. Hasi bezala, musikarekin amaituko dituzte jaiak. Aspaldiko gonbidatuak dira Ormaiztegiko jaietan Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta hauen kantujirak emango die beste behin amaiera, aurtengo San Andres jaiei.
San Andres jaietako egitaraua osorik ikusteko sakatu hemen.













