Ibilian-ibilian, bueltan da Kilometroak Lazkaon
Gipuzkoako ikastolen jaia abiatu zen lekura itzuliko da 50. ekitaldian. 1977an egin bezala, Lazkaoko Ikastolak antolatuko du 2026ko Kilometroak jaia, urriaren 4an. Lema eta logoa aurkeztu dituzte.
2026ko Kilometroetako arropa txokoari Enparantza izena jarri diote. Hirigoien kalean zabalduko dute bihar goizean, 10:00etan. Kilometroak 2026 Herriko plaza jendez beteta zela, lazkaotarren ikusmina agerian geratu da gaur arratsaldean egin den Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldian. 50. ekitaldia du 2026an Gipuzkoako ikastolen jaiak, eta lehen urratsak egin zituen lekura itzuliko da urriaren 4an: Lazkaora.
Lazkaoko Ikastola dagoeneko buru-belarri ari da lanean «urteurren borobila» antolatzen. Hala adierazi du aurkezpenean Ion Martinez Lazkaoko Ikastolako zuzendariak. Aitortu du «ardura handia» dela gisa horretako jai bat prestatzea, baina argi du «asmoa orain mende-erdi piztu zen txinpartari hauspoa eman eta suari bizi-bizirik iraunaraztea» dela.
Komunitatea sendotzea
Herriko ikastetxe bakarra izanik, herritar orok du Lazkaoko Ikastolarekin loturaren bat. Zuzendariak «herriak herriarentzat» sortutako ikastola dela nabarmendu du, eta horregatik jarri dute helburu gisa komunitatearen partaidetza sendotzea eta atxikimendua areagotzea. Helburu ekonomikoa ere aipatu du, noski, Martinezek: Proiektu pedagogikoa garatzeko eraikinei egin dizkieten doikuntzekin jarraitu, eta LHko 3. zikloko gelak metodologia berrira egokitzea, betiere ikasleen mesederako. «Horrek lagunduko baitu hezkuntza-proiektua garatzen jarraitu eta ikasle euskaldun, ekintzaile eta kooperatiboak izaten».
«Asmoa da orain mende-erdi piztu zen txinpartari hauspoa eman eta suari bizi-bizirik iraunaraztea»
Ion Martinez. Lazkaoko Ikastolako zuzendaria

Ion Martinez zuzendaria, gaurko aurkezpenean.Iñaki Gurrutxaga
Ikastolaren proiektua, klandestinitatean, herriko garajeetan abiatu zuten lazkaotarrek, Irantzu Amundarain lehendakariak azaldu duenez. Orain 50 urte Francoren diktaduraren azken astinduetatik, ordea, asko aldatu da egoera. 1977ko lehen ekitaldirako Josu Erguinek Ameriketako Estatu Batuetatik ekarri zuen ideia. Gipuzkoako ikastolen jaiak bigarren geldialdia 2003an egin zuen Lazkaon, eguraldia lagun izan ez bazen ere. Azkenik, pandemia osteko lehen Kilometroak ere antolatu zuen Lazkaoko Ikastolak, Beasaingo eta Ordiziako ikastolekin batera. Lehendakariak argi du: «Erronkek ez gaituzte izutzen, aurrera egiteko gaitasuna erakutsi dugu, eta ziur nago bikain erantzungo dugula!».
«Erronkek ez gaituzte izutzen, aurrera egiteko gaitasuna erakutsi dugu, eta ziur nago bikain erantzungo dugula!»
Irantzu Amundarain. Lazkaoko Ikastolako lehendakaria

Irantzu Amundarain Lazkaoko Ikastolako lehendakaria, aurkezpenean.Iñaki Gurrutxaga
Jai honek herrian eta herritarrengan arrastoa uzten du. Jaiaren itzulera berezia dela aitortu du Xeber Maiza koordinatzaileak, eta «ilusioz eta pasioz» heldu diola erronkari pauso berriak emateko. Adierazi du «ibilian-ibilian» lortu dela jendea ikastolaren bidera batzea, ibilian-ibilian euskara bultzatu eta euskara sasoiko mantentzea, eta horregatik aukeratu dutela 50. ekitaldiko leloa: Ibilian-ibilian, buelta!.
Leloaren muina logoan
Leloaren muina irudikatu nahi izan du Lazkaoko Ikastolak logoan ere, Maizaren hitzetan. 50 zenbakia ageri da, urte horietako itzulinguruak espiral batean islatuz. Hori bai, irekita dagoen espirala da, «ateak zabalik» dituztelako, koordinatzailearen esanetan. Bilgunea ere irudikatu nahi izan dute forma biribil horretan, «Lazkaoko Ikastolak beti izan duelako argi herriak eta herriarentzat» sortua dela: «Ikastolen ikur den etengabeko berrikuntza, aspaldian martxan jarri eta etenik ez duen proiektua da, itxiko ez den zirkulua, aurrera jarraitzeko asmoa duena».
«Ikastolen ikur den etengabeko berrikuntza, aspaldian martxan jarri eta etenik ez duen proiektua da, itxiko ez den zirkulua, aurrera jarraitzeko asmoa duena. Hori adierazten du logoak»
Xeber Maiza. 2026ko Kilometroak jaiaren koordinatzailea

Xeber Maiza izango da 2026ko Kilometroetako koordinatzailea.Iñaki Gurrutxaga
«Lazkaotarren erantzuna ikastolak aurrean duen erronkaren parekoa izatea» espero du Ion Martinez zuzendariak.

Xeber Maiza eta Maider Urretabizkaia, bigarren horrek aurkezpenean margotu duen logoa erakusten.Iñaki Gurrutxaga

2026ko Kilometroak jaiaren lema eta logoa, aurkezpenean.Iñaki Gurrutxaga













