Igartza Musika Bekaren hamargarren edizioa bihar da
Bihar, larunbata, Igartzako jauregiak Musikeneko 34 ikasleren emanaldiak hartuko ditu egun osoan zehar. Bi sari banatuko dira, Beasaingo Udalak eta Musikenek antolatutako ekitaldi honetan.
Igartza Musika Bekako partaideak, iaz. Igartza Musika Bekak hamar urteko ibilbidea ospatuko du aurten, eta Beasaingo Udalak nahiz Musikene Goi Mailako Musika Ikastegiak kulturaren eta goi-mailako musika-hezkuntzaren alde egiten duten apustu sendoaren erakusgarri izango da beste behin. Bihar, larunbata, Igartzako jauregiak Musikeneko 34 ikasleren emanaldiak hartuko ditu egun osoan zehar, eta publikoak modu irekian eta doan gozatu ahal izango du formatu laburreko entzunaldiez.
Hamargarren edizio hau mugarri berezia da. Musika Bekak hamarkada batean erakutsi du zein garrantzitsua den musika-hezkuntza aurreratua herritarrengana gerturatzea, eta aldi berean, musikari gazteei beren ibilbide profesionalean aukera berriak eskaintzea. Proiektuak urteotan, herriko kultur eskaintza aberasteaz gain, goi-mailako talentua plazaratzeko plaza egokia eskaintzen du.
Aurtengo entzunaldiak bihar egingo dira, 09:30ean hasita. Egun osoan zehar, jauregiko patio nagusiak musika estilo eta diziplina askotariko interpretazio laburrak hartuko ditu. Goizeko saioa 13:00etan amaituko da, eta arratsaldekoa 15:00etatik 18:15era luzatuko da. Sari banaketa ekitaldia 19:00 aldera izango da. Antolakuntzak azaldu duenez, partaide bakoitzak 10 minutuko emanaldi trinkoa egingo du, entzuleei formatu dinamikoa eta anitza eskainiz. Saioen artean, ikusleak libreki sartu-atera ahal izango dira, ekitaldiari malgutasun eta irisgarritasun berezia emanez.
Bi sari
Guztira 34 musikari gaztek hartuko dute parte. Hautagai bakoitza Igartzan eskaintzen den beka eskuratzeko lehiatuko da. Bi sari nagusiak hauek izango dira: Gradu mailako beka, 2.200 eurokoa, eta Master mailako beka, 3.300 eurokoa. Irabazleek, ohikoa den bezala, hurrengo urtean Beasainen kontzertu berezi bat emateko konpromisoa hartuko dute; horrela, sariaren helburua osatzen da, herrira itzuliz talentuaren fruitua eta beasaindarrek musikari gazteen berezko kalitatea zuzenean entzuteko aukera eskainiz.
Hamargarren edizioko epaimahaia lau profesional ezagunek osatuko dute: Olatz Saitua, Joseba Candaudap, Jesus Etxeberria eta Garazi Zabaletak. Musikeneren eta euskal eszenaren inguruan urte luzez aritu diren aditu horiek izango dira finalistak eta irabazleak hautatuko dituztenak. Epaimahaiko kideek urtero nabarmendu izan dute Musikeneko ikasleek erakusten duten maila tekniko eta musikala, eta edizio bakoitzean zailagoa dela erabakia hartzea.
Beasaingo Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu entzunaldiez gozatzera. Antolakuntzaren esanetan, «entzunaldien formatu laburra aukera ezin hobea da publiko zabalak, adin guztietakoek eta musika-estilo desberdinekiko interesa dutenek, goi-mailako musikaren kalitatea gertutik bizi dezaten». Aurreko edizioetan bezala, Igartzako patioan giro hurbil eta atsegina sortzea espero da: ikusleek euren iritziak trukatzen dituzte, beren irabazlea zein izan daitekeen iragartzen dute eta, oro har, musikarien ahalegin eta talentua saritzen dituen topagune kultural batean parte hartzen dute.













