IraziGune Ibiltariak Ataungo liburutegian hasiko du ibilbidea
‘Euskal Herriko memoria eta historia’ gaia landuko dute.
Lutxi Irazigunea, Ordiziako Dorrea etxean. Kerman Garralda Zubimendi Ordizian, Dorrea etxearen beheko lokaletan, Jabekuntza Eskola dagoen tokian, Lutxi IraziGunea dago. KGT Kolektiboak 30 urte baino gehiagoan bildutako liburuak, aldizkariak, txostenak, artikuluak, azterlanak… jasota dituzten gunea. Herritarren eskura dago material hori guztia, eta hilero gai bati buruzko monografikoa egiten dute. Abenduan, etxebizitza da gaia.
Hala ere, daukaten «bolumen idatziaren kantitatea ikusita, material hori Goierriko herrietara» eramatea du KGT Kolektiboak erronka. Honela, Ataunen hasiko du ibilbidea IrazgiGune ibiltariak, abenduaren 1ean. «Proiektuaren helburua Goierriko herrietatik gure materiala erakustea da».
Abendu osoan Ataungo liburutegian Euskal Herriko Memoria eta Historia gaia jorratzen duen materiala eskura izango dute herritarrek. Abenduaren 1etik 19ra bitartean, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita. Eta abenduaren 22tik 31ra, goizez, 10:00etatik 12:00etara.
KGT Kolektiboa pozik dago lehenengoz Ordiziatik aterako duten IraziGune Ibiltariarekin, baina gehiago ere nahi dituzte: «Ordizian Lutxi IraziGunea ireki zenetik urtebete igaro den honetan, daukagun material guztiaren zati bat daukagu bertan, eta metatutako esperientziarekin eta harrera ona izan ondoren, gure proposamena Goierri osora zabaltzeko ideiarekin, beste urrats bat ematea erabaki dugu».













