50. Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldia iruditan
Ordubeteko ekitaldia egin dute Lazkaoko plazan. Ikastolako arduradunen hitzartzeez gain, joaldunek, bertsolariek eta dantzariek hartu dute parte, besteak beste.
Lazkako Ikastolako hainbat ikasle bertsotan, Amaia Agirre, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarreta bertsolariak lagun zituztela, atzo.Iñaki Gurrutxaga Orain 48 urte, 1977an, Lazkao eta Beasain artean egin zen I. Kilometroak jaia gogora ekartzeko bideo labur baten proiekzioak eman zion hasiera atzo 50. Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldiari. Juan Joxe Agirre artxibozain beneditarrak, Luis Mari Aldanondo Lazkako Ikastolako zuzendari izanak, Karmele Auzmendi eta Kari Eztala andereño ohiek eta Ainhoa Gurrutxaga ikasle ohiak ordukoa nola bizi izaten zuten kontatu zuten. Hurrengo urteko edizioaren helburuak zeintzuk izan beharko luketen ere aipatu zuten.
Plazako frontoia bete-betea zegoen. Lehen bi ilaretan, Ion Martinez Lazkaoko Ikastolako zuzendaria, Irantzu Amundarain Lazkaoko Ikastolako lehendakaria, Xeber Maiza 2026ko Kilometroak jaiaren koordinatzailea eta Lazkaoko Udaleko ordezkariak zeuden. Haien atzean, herriko hainbat kultur eta gizarte eragile, eta eremua betez hamarnaka herritar.
Iñigo Lasak eta Aizpea Garmendiak egin zituzten aurkezle lanak. Amundarain gonbidatu dute lehenik oholtzara, eta Palestinari keinu egin dio lehen hitzartzean, herrian egiten ari diren elkartasun lanketa gogora ekarriz. Ondoren, Lazkaoko joaldunen kalejira iritsi zen, eta segidan, Kilometroak jaiaren edizio guztien errepaso-bideoa proiektatu zuten.
Alaitz Telletxea irakasle eta musikariak jarri zion trikiti doinua jarraian ekitaldiari, eta publiko artetik Amaia Agirre bertsolari eta bertso irakaslea, eta Aratzi Igartzabal eta Mikel Etxezarreta bertsolariak aritu ziren kantuan publikoaren artean. Ondoren, oholtzara igo ziren ikasleekin batera kantatzera.
Martinezen eta Amundarainen txanda izan zen hurrena, eta baita Maiza koordinatzailearena ere. Hirugarren honek eman zuen ezagutzera 2026ko Kilometroak jaiaren lema: Ibilian-Ibilian, buelta!. Eta oholtzan logoa marrazten aritu zen Maider Urretabizkaiarekin batera eman zuen ezagutzera logoa.
Enparantza arropa txokoa
Hirigoien kalean gaurko 10:00etatik zabalik dagoen Enparantza arropa txokoari egin zion aipamena Maizak, eta antzezpen labur baten bidez erakutsi zuten salgai egongo den materiala.
Oin-Arin dantza taldearen emanaldiarekin eta Xeber Maizak herritarrei zuzendutako azken oharrekin bukatu zen aurkezpen ekitaldia.
BIDEOA: Mikel Albisu
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga













