Bost orduko protestaren ondoren, aske geratu dira Gazaren aldeko ekintzaileak
CAFeko egoitza nagusiaren atarian kateatu dira 8:00etan, eta suhiltzaileek banan-banan askatu dituzte. Ordubata aldera bukatu da protesta.
Gazaren aldeko ekintzaileak, protesta bukatu berritan.Ariane Vierbücher Gazarako Mugimendu Globala taldeko hamar kide CAFeko sarrera nagusiaren hesira kateatu dira gaur goizean, 08:00etan. Israel hiltzaile, CAF laguntzaile izan da gehien errepikatu duten aldarria. Inguruan beste hogei lagun inguruko taldea izan dute babesa ematen.
Ekintzaileek jakinarazi dute gaur dela Palestinarekiko elkartasunaren nazioarteko eguna, eta horregatik kateatu direla. Oihuka ari zirela Ertzaintza gerturatu da. Bertan zeuden bi kazetari identifikatu dituzte, Berria-koa tartean, eta ertzainek ohartarazi diete, poliziak grabatuz gero, auzitara eramango zituztela.
Ekintzaileek kateatuta jarraitzen zuten eguerdian. Ertzainburuak esan die, protesta amaitzea erabakitzen dutenean, Poliziak suhiltzaileei deituko diela kateatutakoak askatzeko.
Ordubatak aldera moztu dizkiete suhiltzaileek ekintzaileei lepoa eta sarrera nagusiko hesia lotzen zizkieten.
Protestan inolako istilurik gabe egon, eta ekintzaileak aske geratu dira.
ARGAZKIAK ETA BIDEOA: Ariane Vierbücher














