Gazaren aldeko hainbat ekintzaile CAFeko sarreran kateatu dira
Gazarako Mugimendu Globala taldeko kideak dira, eta CAFi exijitzen diote "Israelekin eta okupazioaren konplize diren enpresekin" dituen kontratu guztiak eteteko.
Gazarako Mugimendu Globala taldeko kideak, CAFeko sarrera nagusian kateatuta.Ariane Vierbücher CAFeko sarrera nagusian lepotik kateatu daude Gazarako Mugimendu Globala taldeko hainbat lagun goizeko zortziak geroztik. CAFek Israelekin duen harreman komertziala eten dezan exijitzeko ari dira protesta egiten, eta “eufemismorik gabe”, ekintzaileek honakoa diote: “CAF Israelgo genozidio eta apartheidaren egiturarekin konplize zuzena da”. CAFi exijitzen diote “Israelekin eta okupazioaren konplize diren enpresekin” dituen kontratu guztiak eteteko.
Haiei babesa ematen 30-40 laguneko taldea dago, eta Ertzaintza ere bertan da dagoeneko.
NBEk gaitzetsitako proiektua
Taldeko kideek gogoratu dute NBE Nazio Batuen Erakundeak “ofizialki” sartua duela CAF Palestinaren okupazioan “sionismoarekin kolaboratzen” duten enpresen zerrendan, “Israelen sistema kolonialari eusten dioten eta haren onuradun diren beste konpainia batzuekin batera”.
Nabarmendu dute “Tel Aviveko metroan ere estatu sionistarekin kolaboratzen” duela CAFek. “Palestinaren lurren gainean eraikia dago, garbiketa etniko eta egitasmo kolonial beraren parte gisa”. Asentamendu horiek nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela eta Nazio Batuen Erakundek gaitzesten dituela adierazi dute.
“Trena anexio eta apartheid tresna”
Haien ustez, Israelgo tren proiektua “ez da garraiobide neutral” bat, “anexio eta apartheid tresna bat baizik”. Kolonia ilegalak elkarren artean lortzen dituela salatu dute, “okupatzaileen lurralde hedapena sendotuz”. Horrez gain, auzo palestinarrak “isolatzen” dituela salatu dute, eta ekialdeko Jerusalem “zatitzen” du, “lurraldearen jarraitutasuna apurtuz”. Era berean, populazio kolonoaren “mugikortasuna errazten” duela, “Palestinako herria kontrolen, harresien eta blokeoen menpe mantentzen den bitartean”.
Salatu dute CAFen inplikazioa “trenak fabrikatzetik harago” doala, eta trenbide sistemaren “hornitzaile integrala” dela. “Hau da, CAFek ez du soilik okupazioaren gainean eraikitzen: okupazio hori martxan mantentzen du. Israelgo kontratu bakoitza odolez zikindutako kontratua da”.
Boikoterako deia
Gazarako Mugimendu Globala taldeko kideek nabarmendu dute “tresna zilegi eta eraginkorrena boikota” dela. “Boikot politikoa, ekonomikoa, akademikoa, kulturala eta kirolekoa. Harreman komertzial, instituzional eta diplomatiko guztiak eten behar dira entitate genozidarekin hausteko”.













