Ekintzaz betetako San Andres eguna
Haurren danborrada eta herri kirolak egin dituzte eguerdian. Eguraldi kaskarra izan bada ere, jende ugari bertaratu da bi ekintzetara.
Aurtengo danbor-joleetako batzuk, Zubipe kiroldegian. San Andres eguna dute gaurkoa Ormaiztegin, eta goizean goizetik jai giroa nagusitu da herrian. Txistularien kalejira, meza eta hamaiketakoaren ostean, 12:00etan haurren danborrada egin dute. Beste behin, Guraso Elkarteak antolatu du ekimena, eta Urolatarrak txarangak lagunduta aritu dira danbor-joleak. Herrian zehar ibilbidea egitea zen hasierako asmoa, baina eguraldi txarrak ekitaldia Zubipe kiroldegian egitera behartu du.
13:00etan, berriz, herri kirol jaialdia izan da plazako karpan. Lasto jasotzen Bustintza ibili da, harri jasotzen Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Jokin Eizmendi, eta aizkoran, berriz, Xabier Zaldua eta Arkaitz Etxebeste. Jende ugari bildu da plaza ingurura eta giro paregabea izan da.
Arratsaldean ere izango da zer egin eta zer ikusi Ormaiztegin:
16:00-19:30. Egurrezko jolas erraldoiak, Zubipe kiroldegian.
17:30. Goruntza dantza taldearen saioa, Zubipen.
18:00-20:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantu-jira, plazatik.
Danborradako argazkiak:
Herri kiroletako argazkiak:













