Irati Olaizola, bigarrena Euskal Herriko aurresku txapelketan
Hondarribian larunbatean jokatutako txapelketan irabazi du saria legazpiarrak. Txapela Lezoko Mikel Esnaolarentzat izan da.

Irati Olaizola, ezkerrean sariarekin, Amaia eta Irune Azpeitia eta Eider Carballo.
Irati Olaizola legazpiarra bigarren postuan sailkatu da Euskal Herriko gipuzkoar erako aurresku txapelketan. Larunbat arratsaldean jokatu zen txapelketaren zazpigarren edizioa, eta Lezoko Mikel Esnaolak irabazi zuen sari nagusia. Hirugarren postuan, Lezoko Ane Jaunarena sailkatu zen.
Hondarribiko Itsas Etxea izan zen txapelketaren lekuko, eta bertan hamabi dantzari bildu ziren, haien artean lau legazpiar: Olaizolaz gain, Amaia eta Irune Azpeitia eta Eider Carballo, guztiak Sustraiak dantza taldekoak. Gainerako partaidek Esnaola txapelduna eta Jaunarena hirugarren sailkatua, Lizartzako Onditz Esnaola, Tolosako Amane Uranga, Pasai Donibaneko Danel Castillo, Errenteriako Garazi Zabaleta eta Ainhoa Guembe, eta Asteasuko Julen Lertxundi izan ziren.
Dantzariek, Hondarribiko txistulari taldeak lagunduta, Aurkez aurke (desafioa), Zortzikoa eta soinu zaharra bat (Betronio handia, Ehun dukat eta Grazianaren artean dantzari bakoitzak aukeratutakoa) dantzatu zituzten.
Epaimahaia Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak izendatutakoa zen, eta Jose Luis Vallejok, Katerin Artolak eta Nahikari Vizuetek osatu zuten.

Mikel Esnaola txapelduna.
Sari nagusiak
Lezoko Mikel Esnaola garaileak Gipuzkoako Dantzarien biltzarreko trofeoa, Hondarribiko Udalak eskainitako trofeoa, txapela eta 400 euro jasotzeaz gain, Tomas Murua eskultorearen lana hurrengo edizioa ospatu arte bere herriko udaletxean gordeta izatearen ohorea lortu zuen.
Legazpiko Irati Olaizolak Hondarribiko Udalaren trofeoa eta 300 euro jaso zituen.
Eta hirugarren izan zen Jaunarenak udalaren trofeoa eta 200 euro eraman zituen.













