'Hauspoa&Tunela' dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko dute, abenduaren 19an
Hauspoa&Tunela (Hauspoaren tunela) Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok zuzendutako dokumentala Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko da abenduaren 19an, 20:00etan. Emanaldiaz gain, Joseba Tapia, Gorka Hermosa, Zumarragako Trikitixa eta Enrike Zelaiaren musika emanaldiak izango dira, eta Toti Martinez de Lezea eta Kepa Junkera ere bertan izango dira. Zumarragako beste musikari batzuk ere arituko dira, Antxiñako Ama Txistulariak eta Maddi Madina kantaria, besteak beste. Sarrerak 10 euroan jarri dira salgia donostiakultura.eus webgunean eta Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako lehiatiletan.
Hauspoa&Tunela dokumentalak soinua Zumarragara nola iritsi zen kontatzen du: 1859an, Madril-Paris trenaren lanekin, Juan Bautista Busca langile italiarraren eskutik. Akordeoia bertako panderojole eta koplarien tradizioarekin uztartu zen eta italiar hura bizi izan zen etxetik metro gutxira, Euxebio tabernan, lehen trikitixa talde ezaguna sortu zen 1920an: Zumarragako Trikitixa. 1924an lehen trikitixa diskoa grabatu zuten.
Dokumentalak 20 aditu eta pertsonaia ezagun baino gehiagoren testigantzak jasotzen ditu: Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Jon Maia, Toti Martínez de Lezea, Garikoitz Mendizabal, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza, eta, nola ez, oraindik ere jardunean den Zumarragako Trikitixako kideena.
Urtarrilaren 27, 28 eta 30ean Madrilen(Cines Embajadores), TVEren 24H katean eta Bilbon (Bidebarrieta Kulturgunea) egingo dira aurkezpenak. Gainera, martxoaren 26an Santanderren proiektatuko da, eta uztailean Pirinioetako PIR jaialdi ospetsuan. Era berean, Argentina, Kolonbia eta Asturiaseko zinema jaialdietan hautatua izan da.
Euskal Herriko txoko guztietara iristeko asmoz, kalejira, kontzertu eta emanaldia formatuan ere aurkeztuko da.
Dokumentala Europako Next Generation funtsekin finantzatu da, Zumarragako Udalaren bitartez. Horrez gain, udalak berak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Rural Kutxak ere lagundu dute.












