'Aldaize' aldizkariak digitalera saltoa egin du webgune berriarekin
Gaurtik erabilgarri dago webgune berria ‘aldaize.eus’ domeinuan. Bihar arratsaldean aurkeztuko dute proiektua udaletxean.
Azken aleko argitalpen guztiak daude ikusgai hasierako orrian. Hitza Aldaize aldizkariak mundu digitalera saltoa eman du eta gaur ospatzen ari den Euskararen Nazioarteko eguna baliatu du, aldaize.eus aldizkariaren formatu berria zabaltzeko. Webgunea erabilgarri dago jada, baina idiazabaldarrei bihar arratsaldean emango diete proiektuaren berri, 18:30ean udaletxeko areto nagusian egingo duten aurkezpean.
2004an sortu zenetik paperean soilik argitaratu da, Idiazabalgo etxe guztietara iristeko helburuarekin. Uxune Alustizak esan duenez, digitalizazioaren ideia beti izan dute buruan, baina ez dute gaur arte saltoa eman. Orain bi urte hasi ziren web gunearen lanketan, paperezko bertsioa diseinatu eta maketatzen duen Bidera zerbitzuak eta Tapuntu kooperatibarekin elkarlanean; «asko kostatu zaigu martxan jartzea», aitortu du Alustizak.
Aldaize bi hilabetekaria da eta urtean 6 ale argitaratzen dituzte; «orain arteko Aldaize guztiak daude eskuragarri webgunean, 130 ale guztira». PDF formatuan deskargatzeko moduan daude guztiak, baina azken aleak —eta aurrerantzean argitaratuko direnak— atalka ere igo dituzte, «albiste, erreportaje edo elkarrizketa bakoitza web gunean bertan irakurtzeko moduan». Ale zaharragoekin arazoren bat edo beste izan dute, «beste formatu batean genituen gordeta eta bizpahiru aldizkari eskaneatu egin behar izan ditugu osorik webgunera igotzeko». Gainera, erabiltzaileei publikazioen baitako bilaketa errazteko «lan handia» hartu dute PDF bakoitzaren barruan eskuz aurkibideak egiten.
Paperaren osagarri
Webguneak ez du paperekoa ordezkatuko eta elkarren osagarri izango dira aurrerantzean. Bi publikazioen artean koherentzia bat bermatzeko, web guneak paperekoaren diseinu eta atal berak mantendu ditu. Webgunearen azalean, azken aleko publikazio guztiak bistaratuko dituzte eta aldizkaria bezala, bi hilabetean behin berrituko da. Edukiak erabilgarri daude edonorentzat, Aldaizeren izenean, «sareko euskal komunitate horri gure ekarpena egin nahi izan diogu zentzu horretan».
Bihar arratsaldeko aurkezpena proiektu berria herritarrei gerturatzeko baliatuko dute. Helburua Aldaizeren argitalpen guztiak «herritarrei ez ezik, beste edozeinen eskura» jartzea ere izan da.













