Garazi Ferreira izango da aurten, Segurako San Nikolas Txikia
150 urtetik gorako antzinatasuna duen ohitura berrituko dute berriz abenduaren 6an. 10:00etan aterako da erronda Arboladitik.
Laiotz herri eskolako Unai Sanchez gotzain txikiaren paperean, iazko San Nikolas Txikiaren errondan. Gotzon Aranburu Mendetako ohiturari jarraipena emanez, San Nikolas Txikiaren erronda egingo dute abenduaren 6an Seguran. Laiotz herri eskolako Garazi Ferreira izango da aurten gotzain txikiaren paperean sartuko den ikaslea. Ohi bezala, 10:00etan emango diote hasiera errondari Arboladian. Gotzaina pottoka gainean dela Segurako kaleetan barrena egingo dute erronda, herritarrak lagun dituela. Etxez etxe arituko dira koplak kantatzen eta balkoi eta leihoetatik botatako gozoak jasotzen. Segurako Udalak bere aldetik, San Nikolas Txikiak banatuko ditu amaieran parte hartzaile guztien artean.
Eguna borobiltzeko, arratsaldean, Iñaki Carreteroren eskutik Kax kax atea joka ipuin kontaketa izango da 17:00etan, Botikaxaharren.
Hainbat ohar
San Nikolas Txikiaren errondaren harira, Segurako Udalak hainbat jakinarazpen zabaldu ditu herritarren artean:
- LH 6. mailara arteko haurrek soilik parte hartu dezaketela azpimarratu du.
- Ibilbidean zehar San Nikolas Txikia joango da aurretik, eta bere atzetik gainontzeko haur guztiak. Kantua amaitu arte, ez dira gozokiak botako etxeetatik.
- Txaponak ez botatzea gomendatu dute.
- Haurrek soilik hartu ahal izango dituzte gozokiak.
- Gurasoena izango da beraien seme-alaben ardura.













