Hamar urtez herri bizitzaren alde lanean
10 urte bete ditu ZerainLab elkarteak. Egindakoari errepasoa egin eta etorkizuneko helburuak finkatzeko baliatu dute urteurrena.
ZerainLab elkarteko kideak igandean, kultur etxean egin zuten urteko batzarrean. ZerainLab ZerainLab elkartea sortu zela 10 urte bete dira aurten. 2015eko udazkenean sortu zen «irabazi asmorik gabeko elkarte bezala eta bokazio publiko batekin», adierazi du Aloña Muñoak ZerainLaben izenean. Pasa den igandean, ZerainLaben urteko batzarra egin zuten elkarteko kideek eta bide batez, 10 urte hauetako ibilbidearen errepasoa eta balorazioa ere egin zituzten, aurrera begirako helburuak zehaztearekin batera.
Begirada 10 urtez atzera botata, ZerainLabek herri bizitzaren alde lan asko egin duela uste du Muñoak, «bai txikitik, herriko ohiturak edo kultura mantentzen saiatu den heinean; eta baita maila handiagoan ere, herri txikien ikusgarritasuna Gipuzkoatik eta Euskal Herritik haratago eramateko egin duen ahaleginean». Elkarteak 10 urte bete dituen arren, berau sortzeko oinarriak lehenagoak dira. 80ko hamarkadatik aurrera, Zerain «eredu» izan da arlo askotan: «Auzolanean eta parte hartzearen kulturan dezente tradizioa duen herria gara. Eskarmentu horretatik abiatuta, aurrera begira jartzeko egitasmo edo proiektua izan zen ZerainLab», dio. Sorreratik ditu helburuen artean, Zeraingo beharrei erantzuteko bitartekoak jartzea batetik; baina baita, beste herri txiki batzuekin elkarlana sustatu eta esperimentazio gune bilakatzekoa.
Elkartea herritik eta herriarentzat sortu zen, «Zerainek bizi izan duen tradizioari eutsi nahi izan zion, eta dion, herritar talde baten ekimenez sortu zen. Ez bakarrik tradizioari eutsi, baita etorkizuneko erronkei erantzunak eman, horri laborategi, esperimentazio edo berrikuntza erantsiz».
Oinarrizko hiru zutabeak
Abian jartzerako hiru lan ildo edo oinarri zehaztu zituzten. Lehena, herritarren arteko antolakuntza; «erabakiak herri batzarretan hartzeko tradizio bat bazegoen aurretik, baina alderdi politikoak sartu ziren heinean, hori apurtuta geratu zen». Ekonomia, bigarrenik; «lehen sektoreari nola eutsi eta indarra eman asmatzea, beste sektoreei ere lekua eginez, turismo, adibidez». Eta ingurunea, amaitzeko; «Zerain paisaia natural baten parte izanik, ingurunea eta herriaren arteko harremanak nolakoak behar zuten zehaztea garrantzitsua zen. Energia eta elikagai burujabetza bezalako gaiak landu dira arlo honetan».
Makina bat dira hamarkada batean ZerainLabek sustatu dituen proiektuak eta ekintzak; ezinezkoa guztiak erreportaje honetan biltzea. Nabarmentzekoen artean, sortu eta urte betera, Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean Etorkizuneko herri txikiak izenburupean herrian egin zen nazioarteko kongresua eta hartan oinarrituta 2019ko udal hauteskundeen atarian, «Herri txikien adierazpena izenburupean, gobernatzeko sistema ahalik eta horizontal eta demokratikoena izateko eredu bat» aurkeztu zuen.
2020tik Udako Euskal Ikastaroak antolatzen dituzte urtero irailean. Honekin lotuta, urte hauetan landu diren gai guztiak biltzen dituen liburu bat argitaratu berri dute Ion Muñoa zeraindarrak eta Andoni Eizagirrek Herri txikiak aurrera begira izenburupean. Eta gehiago ere badira; LandaLab, zaintzaren ingurukoa; erosketa taldea —gaur egun Biziolarekin elkarlanean—; energia komunitatearen kooperatiba, hazi trukea, etab luze bat. Urtero antolatzen dute Udazken kulturala, udako eta neguko solstizioak, Euskararen eguna, Santa Ageda bezpera, Olentzero solidarioa, Martxoaren 8a, etab luze bat.
10 urte igarota, etorkizunean jarria dute orain begirada; «etorkizuna herritarrek erabaki beharko dute. ZerainLabek ateak irekita ditu edozein proposamen jasotzeko, baita jende berria hartzeko ere». Zeraingo herri bizitzan beste hamar urtez, gutxienez, eragiteko bokaziorik ez zaie falta.

Herriari egindako ekarpen ekonomikoa, zenbakitan
Datu ekonomikoei begirako errepasoa ere egin zuten igandeko batzarrean eta 10 urte hauetan ZerainLab elkartearen bitartez antolatutako ekintza ezberdinek herrian egindako ekarpen ekonomikoaren berri ere eman zuten.
Orokorrean, 10 urte hauetan zuzenean, 35.000 euro baino gehiagoko ekarpena suposatu du eta zeharka, 50.000 eurotik gora. Ekimen zehatzagoei begiratuta, Gabonetako bilketa solidarioan 7.000 euro bildu dituzte. Diru horren zati bat Gipuzkoako Elikagai Bankuari eman zaio, baita aurretik, Haitin edo Mendebaldeko Saharan ekimen solidarioak aurrera eramateko ere. Amaitzeko, urtero antolatzen duten Santa eskean 22.000 euro bildu dira 10 urtetan. Diru hori herriko elkarte ezberdinen artean banatzen da, jasotakoa berriz herriari itzuliz.













