Bazkidetza berritu nahi dutenek ordainketa egin eta ordainagiria udaletxera eraman behar dute, eta udaletxean aktibatuko zaie giltza.
Gimnasioko bazkidetza berritzeko asmoa dutenei dei egin die Ataungo Udalak. Jakitera eman duenez, gimnasiora sartzeko giltzak abenduaren 31n baliogabetuta geratuko dira, eta hortaz, urtarriletik aurrera zerbitzua erabiltzen jarraitu nahi dutenek ordainketa egin beharko dute, eta ordainketaren agiria udaletxera eraman beharko dute. Horrekin, udaletxean aktibatuko zaie giltza. Bazkidetza berritzeko asmoa dutenei azken egunerako ez uzteko eskatu die udalak.
Banakako bazkidetzaren prezioa hilabeteko 25 eurokoa da; hiruhilekoa, 45 eurokoa; eta urte osokoa, 80 eurokoa. Bazkidetza familiarrak, aldiz, 125 euro balio du. Familiarraren onuradun izateko, etxebizitza berean erroldatuta egon behar da, adin nagusiko seme-alabek ikasten ari direla egiaztatu behar dute, eta urte osoko bazkidetza egin beharko da.
Giltza bakoitzeko 10 euro ordaindu behar da berme gisa, eta giltza itzultzerakoan 10 euro horiek itzuli egingo dira. Kontu-zenbaki honetan egin behar dute ordainketa bazkidetza egin nahi dutenek: 2095 5026 87 1060153888.