Emakume bat atxilotu dute Ordizian
Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakume bat atxilotu du Ordizian, komunitateko esekilekuei su eman eta bizilagunak mehatxatu ondoren.
Ordiziaren ikuspegia.Laida Goiburu. Ertzaintzak jakinarazi duenez, azaroaren 29an izan ziren Ordiziako bizilagunen komunitate batean izandako gertakarien harira, emakumezko bat atxilotu zuten atzo. “Atxilotuak, higiezineko bizilagunak, su eman zion goiko solairuko arropen esekitokiari, eta sua solairuen artean zabaldu zen”.
Bertaratu ziren agenteek eraikineko bost solairuetako “esekitokietan izandako kalteak egiaztatu” zituzten, eta egun horretan eta aurreko egunetan gertatutakoari buruzko informazioa jaso zuten. “Ikerketa auzokideetako batean zentratu” zuten.
Gertaera horien ondoren, ikertutako 49 urteko emakumeak, “lehergailuren bat jartzeko mehatxua egiten jarraitu zuen”. Azkenean, atzo atxilotu zuten emakumea, “suteek eragindako kalteak eta mehatxuak egotzita”.
Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, eta gaur, osteguna, goizean eraman dute epailearen aurrera.













