German Elkoro beasaindarra Nazioen Ligako pala egokituan azpitxapeldun
Euskal selekzioarekin, Frantziaren aurka jokatu dute finala. Elkorok nabarmendu du «historikoa» izan dela euskal pilotarentzat. 2026ko Munduko txapelketarako txartela lortu du beasaindarrak.
German Elkoro beasaindarra Nazioen Ligako finalean.GKEF Euskal pilota egokituak mugarri garrantzitsua finkatu du, eta horren erdigunean German Elkoro beasaindarra izan da. Euskal selekzioarekin jokatu du gurpildun aulkiko paletako Nazioen Ligaren lehen edizioa, eta taldeak azpitxapeldun amaitu du. Pasa den asteburuan jokatu zen final zirraragarria. Frantziaren aurka bi setetan galdu zuten (15-5 eta 15-13). Emaitza gorena ez bada ere, inork ez du dudarik, gertatutakoa historikoa dela.
German Elkoro duela lau urte hasi zen palan jokatzen. «Hau ezusteko ederra izan da. Halako txapelketarik ez nuen sekula jokatu, eta kristoren esperientzia izan da», kontatu dio egunkari honi. Bere hitzetatik lorpenaren tamaina berehala sumatzen da: ez da soilik kirol emaitza bat, baizik eta urteetako lan isilaren ordaina, ikusgarritasun berria eta ate berriak zabaltzen dituen une bat.
Bigarren postuak garaipen zaporea izan du beraz. Beasainen ederki jaso dute pilotaria. «Denak ilusioarekin, pozik eta ospatzeko gogotsu hartu naute» aitortu du. Ingurukoen babesa sentitzea, txapelketak eman dion «sari pertsonaletako bat da» gehitu du.
Lan txukuna
Euskal selekzioak ibilbide sendoa egin du txapelketan. «Lana txukun egin dugu. Entrenamenduetan fin ibili gara, eta horrek eman digu konfiantza». Prestaketa saioak Donostian, Bilbon eta Aginagan burutu dituzte, eta horrek fruitua eman du txapelketan zehar. Euskal selekzioak Argentina eta Portugal erraz garaitu zituen. Palari beasaindarraren arabera, «maila handiagoa erakutsi genuen». Finalerainoko bidean, beraz, ez zen kasualitatea.
Frantziaren aurkako partidak, ordea, bestelako erritmoa izan zuen. Euskal selekziotik Elkorok eta Lizasok osatutako bikoteak jokatu zuen, eta ordezko moduan Senperena eta Rodrigez izan ziren. Elkorok eta Lizasok bigarren setean postuak aldatu bazituzten ere, markagailuan gertu egon arren, ezin izan zuten emaitza irauli. Meunier eta Cabanne pilotariek osatu zuten Frantziako bikotea, ordezko bezala Grimault aritu zen, eta erritmo bizian jokatu zuten pilota atzeko koadroetara botaz eta partida osoan zehar dominatu zuten.
«Oso ondo prestatuta zeuden. Lehen seta argi joan zitzaigun, baina bigarrena estu-estu izan zen. Irabaztetik gertu egon ginen», dio Elkorok. Horrek ilusioa pizten dio: «Gauzak ondo egiten baditugu, irabaztea posible izango da».
Munduko txapelketara
Lorpen hau euskal pilotarentzat mugarri historikoa da. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak azaldu duenez, pasa den astean zehar bizitakoa «historikoa» izan da euskal pilota egokituarentzat eta euskal pilota selekzioarentzat: «Izan ere, Euskadi ofizialtasunez aritu da lehian beste herrialdeen aurka eta lehen aldiz gurpildun aulkiko espezialitatean». Gipuzkoan badira urte asko euskal pilota egokituaren alde lanean jardun duten pertsona, elkarte, boluntario eta bi federazio: Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa. «Bi horien hasierako bultzadari eta elkarlanari esker ere lortu da lortutakoa».
Elkorok ere hala sentitu du: «Guretzat oso berezia izan da. Lehen aldiz txapelketa ofizial batean aritu gara gurpildun aulkian. Historikoa da. Urte hauetan guztietan egin den lanak fruitua eman du».
Nazioen Ligan azpitxapeldun izateak beste ate garrantzitsu bat ireki die pilota egokituko palariei. Datorren urtean Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera. Elkorok irribarrez eta ilusioz erantzun du: «Aukera handia da. Hau hasiera besterik ez da. Modalitateak badu hazteko bidea eta guk ere bai. Lanean jarraituko dugu».

Ezkerretik hasita, Sergio Rodrigez, German Elkoro, Aingeru Senperena eta Beñat Lizaso Euskal selekzioko jokalariak.













